Opengela bat, udala Mendeluko auzotarrei hurbiltzeko
Auzoaren beharretarako bulegoa izango da aurrerantzean Fermintxoenea izenez ezaguna izan zen eraikina.
Mendelu kalean aurki daitekeen 15. zenbakiko eraikina Mendeluko Opengela izango da aurrerantzean, udalak azken urteetan Stanley akademia bezala ezaguna den eraikina erosi berri baitu, Fermintxoenea izenez ezaguna izan dena. 2023 urte bukaeran aurkeztu zuten egitasmoa Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea zinegotziak, auzoko zenbait bizilagunekin batera.
Enparanen arabera, “eraikin hau erosteko aukera sorpresa izan zen, aukera bikaina eta oso egokia denboran. Opengela bat martxan jartzeko beharra eta borondatea genuen, baina zaila zen auzoan egitea. Salmentan zegoela jakin genuenean, prozesua azkartu genuen eta osoko bilkurak 2023ko aurrekontuko partida bat bideratzea onartu zuen. Udalak erosi du eraikina, baina Opengela Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean jarriko da martxan, eta, logikoa denez, bere denborak beharko ditu”.
Proiektu honekin udala auzora “hurbildu” nahi dute. Auzoaren beharretarako bulegoa izango da aurrerantzean eta arkitektura, administrazio eta soziologiako teknikariak kontratatuko dira horretarako. Helburua “auzoa birsortzea” dela gaineratu du alkateak, “baina ez bakarrik hirigintza mailan, baita gizarte mailan ere. Hemen auzotarren beharrei erantzungo zaie”.
Ez da soilik auzotarrentzako gunea izango, gainerako hondarribiarrak ere ongi etorriak izango baitira, bereziki eraikin zaharrak dituzten Amute-Kostakoak.
Beheko solairuan aipatutako Opengela hori egongo da, eta lehenengo eta bigarren solairuetan hainbat jarduera egiteko aukera emango du eraikinak: “Horiek denborarekin landuko ditugu”, adierazi du alkateak.
Nekane Alkain auzotarrak honakoa esan zuen abendu bukaerako aurkezpenean: “Nabarmendu nahi dut oposizioan zein orain gobernuan, Abotsanitzek asko lagunduko digula. Auzokide batek esan zigun, adibidez, eraikin hau erostearekin loteria egokitu zitzaigula”.