Auto elektrikoentzako bi karga estazio sortu ditu Plaiaundik
Eguzki energiaz elikatutako kotxeentzako bi karga estazio inauguratu ditu Plaiaundik. Ikasle eta irakasleentzat ez ezik, gainontzeko herritarrentzat ere izango dira, ikastetxearen ordutegiaren barruan.
Plaiaundi LHII 50. urteurrenean murgilduta dabil, eta ospakizunak ospakizun, inaugurazio eguna izan zuten asteazkenekoa. Hala, ibilgailu elektrikoentzako eguzki energiaz elikatutako karga estazio bat inauguratu zuten asteazkenean, ikastetxearen kanpoaldean. Proiektu horrek hezkuntza zentroak berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin duen «etengabeko konpromisoa» islatzen duela azaldu zuten aurkezpenean, eta haientzat mugarri garrantzitsua dela. Kargarako bi plaza ditu ikastetxeko guneak, eta bakoitzak 2 motako kargagailu trifasiko bat dauka, 11 kW/orduko potentziarekin.
Karga estazioa Pierre Loti kaleko 1. zenbakiko helbidean dagoen Plaiaundi Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan instalatu dute, hain zuzen ere. Markesina baten gainean dauden silizio monokristalinozko zelulen hamar eguzki modulu fotovoltaikoz osatutako sistema batez hornituta dago, eta 4.60 kWp potentzia du guztira. Instalazioak 4,786.29 kWh-eko energia sortuko du urtean, gutxi gorabehera.
Plaiaundiko ikasle eta irakasleentzat irekita egoteaz gain, ibilgailu elektrikoa kargatu nahi duen edonorentzat eskuragarri egongo dira kargarako bi guneak, betiere ikastetxearen ordutegiaren barruan. Sistema fotovoltaikoak, gainera, estazioa elikatuko du karga prozesuan ibilgailurik ez dagoenean. Era horretara, Plaiaundik eraginkortasun energetikoarekin eta karbono aztarna murriztearekin duen konpromisoa nabarmendu dute.
Instalazioa handitzea da etorkizunerako asmoa, hau da, kargagailu gehiago ezartzea, eta hori egiteko diseinatu dute aste honetan aurkeztutako energia azpiegitura.
Iraunkortasuna hizpide
Karga estazioa «aurrerapen zirraragarria» da Plaiaundirentzat. Baina beste bi berrikuntza proiektutan dabiltzala adierazi dute. Horietako bat proteina iturri berrien ikerketari buruzkoa da, nopal kaktusaren ikuspegi berezi batekin alternatiba iraunkor gisa. Bigarrena, MOCAP teknologia erabiltzea, osasun zentroetako pazienteen transferentzietan jarrera ergonomiko egokiak sustatzeko asmoz.