Irun.Market-eko kanpaina "arrakastatsua" izan da
Irungo saltokiak bultzatu ditu Irun.Market-ek, bezero berriak lortuz eta aurrekoak mantenduz. Tokiko ekonomian 22.639 euroko eragina izan du.
Abenduaren 15ean bukatu zen Irun.Market tokiko saltokien online plataforman erosketak egiteko kanpaina. Udalak tokiko saltokien digitalizazioa sustatzeko eta eguberrietako erosketak bultzatzeko jarri zuen deskontu-bonuen kanpaina. Udalak adierazi duenez, kanpaina arrakastatsua izan da, emaitza positiboak eman ditu. 1.347 artikulu erosi dituzte herritarrek online plataforman. Gainera, saltokiek bezero gehiago lortu dituztela eta Irun.Market ezagutzera eman dela aipatu du.
Irundarrak Irun.Market-eko bonuen deskontuez baliatzeko aukera izan dute web plataforman ageri diren dendetako produktuak erosteagatik. 700 herritarrek eskatu dituzte deskontu kodeak eta 686 deskontu kode erabili dira. Era honetan, kanpainan tokiko ekonomian izandako eragina 22.639 eurokoa izan da, Udalak 6.860 euroko ekarpena egin du eta kontsumitzaileek 15.779 euroko gastua egin dute. Zehazki, 342 eskaera egin dira, eta Irungo merkatariek 1.347 artikulu saldu dituzte.
Salmentak sektore anitzetan egin dira, baina gehiengoa elikagaien eta edarien sektoreak lortu du, erosketa guztien %63 hartuta. Ondorengoa, pertsonentzako ekipamendua izan dira %25.
Miguel Angel Paezek, lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkariak adierazi du, “Udalarentzat ezinbestekoa da laguntza eskaintzea aldaketa teknologikoen eta kontsumo-ohitura berrien aurrean beren burua egokitzeko hautua egin duten Irungo merkatariei, eta uste dugu kanpaina hau horretarako bitarteko aproposa izan dela”.