[Erreportajea] Hezkuntza aroz aldatzean
Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara jauzi bat dagoela sentitzen dute ikasleek. Horren aurrean, trantsizio plan bat garatu dute Toki Alai (Siutz eta Gazteluzar) eta Dunboa LH ikastetxeek.
Gorputz eta norbanako bakoitza bere erritmoan aldatzen da bizi zikloz. Baina hezkuntza sistemak ziklo aldaketan mugarri bat jartzen du haurtzarotik nerabezarora pasatzeari dagokiona: Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzia 11 edota 12 urterekin. Jauzi horren azpian amildegi bat ez sentitzeko eta zubi bat eraikitzeko lanean dabiltza Toki Alai HH-LH (Arbes eta Siutz), Toki Alai BHI (Gazteluzar), eta Dunboa HH-LHko zuzendariak, hurrenez hurren, Sergio Gonzalez, Otsanda Tolosa eta Julen Urkia. Zubiak eraikitzen DBHrako bidea errazten deituriko programa sortu dute, eta trantsizioa «modu egokian» gauzatzea du helburu, plangintza koordinatu bati esker. Izan ere, Dunboa eta Toki Alai ikastetxeetatik Gazteluzar BHIra joaten dira.
Hiru ikastetxeak eskola publikoaren sarekoak dira, eta hiriaren auzo ezberdinetan daude kokatuta. Dunboak bere bi eraikinak izena partekatzen duen auzoan ditu, hiriaren erdigunean. Toki Alaik Haur Hezkuntza eta bi urteko gelaren bi eraikinak bereizita dituen arren, Arbesen ditu biak ala biak, eta Lehen Hezkuntzakoa Ibarla auzoko Siutz eraikinean. Azkenik, Toki Alai BHIren Gazteluzar eraikina Artia auzoan dago, Behobiaren hasieratik gertu. Eskolen kokapenaren faktoreaz gain, ikastetxe bakoitzak «bere errealitatea» daukala eta bere hezkuntza proiektu eta helburuak dituztela azaldu du Tolosak, baina denek komunean dute bigarren hezkuntzarako pasabide horretan «koordinazioa sistematizatu» behar zutela, hiru zuzendariek elkarrekin. Ikasturte honetan martxan jarri duten programa hau «zabaldu eta estrukturatu» egin dute.
Trantsizio horrek bai emozionalki eta bai akademikoki aldaketa handia suposatzen diela ikasleei azaldu du Tolosak. Hasteko, ikastetxez aldatzen dira, eta Dunboan ibilbidea hasi dutenak lehen aldiz autobusa hartzen hasten dira eskolara joateko. Irakasle batekin denbora gehiena «goxo-goxo» pasatzetik, hamaika irakasle izatera igarotzen dira ere bai, ikaskide berriak ezagutzen dituzte, eta eskolako ikasle zaharrenak izatetik gazteenak izatera pasatzen dira. Gainera, aldaketa horiei gehitu behar zaie DBHri buruz mito asko dituztela, eta Urkiak gogorarazi du 6. mailako klase baten tutorea izan zenean nabaritu zuela «beldurtuta» egoten direla irailetik. Gonzalezek gehitu du buruan daukatela «uneoro» ziklo aldaketa.
Egokitzapenarekin arazoak dituztenei beldurra eragiten die saltoak, baina azkar moldatzen dienei urduritasuna. «Mitoak deuseztatu nahi ditugu. Gaur egun daukaten erosotasun hori bermatuta sentitzea nahi dugu, argi dagoelako bermatuta izango dutela», ziurtatu du Gonzalezek. Dena den, kontziente dira guztiz ez dela beldurra ezabatuko, baina ikasleek «laguntasuna eta babesa» senti dezaten lortu nahi dute, «eskolara pozik etortzeko».
Trantsiziorako plana
Planaren lehen zatia aurre-trantsizio epeari dagokiona da, eta 6. mailako ikasleekin egiten da ikasturtean zehar. Dunboan, esaterako, talde elkar eragileak dituzte. Horietan ikasleak taldetan banatzen dira, txokoak izango balira bezala, baina txoko bakoitzean lanketa ezberdin bat egiten da, normalean matematika egiten dute, Urkiak zehaztu duenez. Ikasleenagana boluntario bat joaten da koordinazio lanetara edota suerta daitezkeen «korapilo handiak» askatzera, eta orain arte senideak edota unibertsitateko ikasleak baziren boluntario gehienak, orain Gazteluzarreko ikasleak dira horiek. «Iaz eman genuen pausoa izan zen Toki Alaiko 4. DBHko ikasleak talde horietako boluntario izatea», gogorarazi du zuzendariak.
Boluntarioen profil aldaketarekin «aldea» dagoela dio Dunboako zuzendariak, ikasleek ikusten dutelako adinez ez daudela hain urrun. Helburua hesia haustea dela diote, eta erlazioa naturalizatzea. «Beraientzat ispilu bat da, ispilu bat gehiago. Ikusten dute beraien burua laster izango dela adin horretakoa, eta gainera, etortzen dira oso etorkizun motzean beraiek ikasiko duten ikastetxe batetik».
Boluntariotza saio horietaz gain, 4. DBHko ikasleek bestelako jarduera batzuk elkarbanatzera gerturatzen dira Lehen Hezkuntzara, esaterako, eskolako jaietan aurpegiak margotzen hartzen dute parte. Bide horretan, 2. DBHko ikasleak ere inplikatzen ari dira, eta gizarte eta euskara ikasgaiak batera lantzen dituztenez, Erdi Aroa eta ipuinak batera lantzen dituzte, eta hartara, ipuin bat prestatzen dute LHko ikasleei irakurtzeko. Beste jardueretako bat Agenda 30 batzordeak proposatutakoa da, eta robotikari buruzko saioak eskaintzen dizkiete nerabeek txikienei.
Jarduera gehiago ontzen joatea dela xedea adierazi du Gonzalezek: «Egitasmo honekin jarraitzea eta sakontzen joatea da asmoa, eta geroz eta jarduera gehiago eta elkartrukeak maizago egitea». Distantzia txikitzen ahalegindu nahi dutela zehaztu du Tolosak.
Alderantzizkoa ere gertatzen da, hau da, 6. mailako ikasleak Gazteluzarrera joaten dira bertako errealitatea haien begietatik ezagutzera. Orain arte lehen kontaktu hori maiatzean egiten zutela azaldu du Urkiak, «baina ordurako buruan pelikulak sortuta izaten dituzte». Gainera, maiatzean denboraz larri ibiltzen zirela dio Tolosak, ez zielako denborarik ematen DBHko tailer eskaintza osorik azaltzeko, «eta, gero, bat-batean bidaltzen genien orri bat hautazkoak aukeratzeko eta DBHra iristen batzuk esaten zuten: ‘Hau zen eskulangintza? Bada, nik ez nuen honetan izena eman nahi’».
Egoera horri buelta eman diote eta hiru zuzendariek diote orain denbora dagoela hautazko ikasgaien eskaintza ezagutzeko eta eskolako giroa patioaren bidez ezagutzeko. «Patiotik ere pasatu dira eta esan zuten, ‘hau ez da esaten didaten bezala kinkiz betetako leku bat, borrokan edo erretzen’». Aldi berean, edozein jardueragatik DBHko ikasleak Toki Alai Haur Hezkuntzara joan izan direnean «oroitzapen politak» partekatzen dituztela esan du Gonzalezek, «eta horrek pila bat pozten zaitu irakasle bezala».
Azaletik, ipuinak kontatzea «txikikeria» irudi dezakeela dio zuzendariak, baina «eragin handia» izan dezakeela ziur da. «Horregatik ditugu buruan horrelako egitasmoak, uste dugulako garrantzitsua dela eta helburuak lortzen ari garela pixkanaka-pixkanaka bada ere». Dunboako kasuan, ikasle gehienak auzokoak dira, eta Urkiak azaldu du noizean behin haiek ikustea bermatuta dagoela eta lotura ez dela hausten.
Irakasleen arteko koordinazioa
Ikasturte bukaeran eta hurrengoaren hasieran, ikasleei buruzko informazioa partekatzen dute irakasleek, ikasle bakoitzaren egoera aztertzeko xedez. Horretarako, tutoreekin, aholkulariekin eta orientatzaileekin bilerak egiten dituzte. Ikasleen informazioa partekatzearekin bakoitzaren errealitatea zein den ezagutzen dute, «zein laguntza jasotzen dituzten, zein trataera jasotzen duten, kasu bereziak dauden jakitea… Hori guztia koordinatu egiten dugu, eta trantsizioaren parte bat da». Tolosak azaldu du zaurgarritasun handiko ikasleak daudela Gazteluzarren: «Bekadunen kopurua handia da, kanpoko jatorria dutenen kopurua igotzen ari da urtez urte, eta ditugun ikasleen eta familien errealitateak askotarikoak dira».
Hiru ikastetxeen helburu nagusiena ikasleak ahalik eta seguruen ikastetxera joatea dela, eta ikastetxea gune segurua izatea «lehentasuna» dela azaldu du Gazteluzarreko artezkariak. «Askok eta askok etxean ez dute gune seguru hori, eta ikastetxea bilakatzen da lehentasuna guretzat gune segurua izateko». Berretsi egin du alde emozionalaren garrantzia trantsizio proiektu honetan, eta hori segurtasuna bermatzearekin lotuta doala erantsi du, hau da, jakitea nola lagundu trantsizio horretan ikasleak ahalik eta hoberen egoteko, «azken, finean, ordu pila bat pasatzen dituzte hemen».
Kezkarik gabeko trantsiziorako gakoa irakasleak elkarren artean koordinatzea eta ikasleek haien artean harremanak estutzea da. Horrela, beldurrak txikitzea lor dezakete, eta ziklo aldaketa bortitza izan ez dadin baliabideak izan ditzakete. Onartu behar baitute aldaketa izango dela, adinaren aroa desberdina delako, eta beraien interesak aldatuko direlako. Aldaketetan akonpainatzeko saretzea abiatu dute. «Hasierako fase batean gaude, beste zubi bat eraikitzeko asmoz.