Eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak, Elatzeta eta Belaskoenean
Bi ikastetxeak, udalarekin batera, "modu aktiboan" inplikatuko dira ikastetxeko energia kontsumoaren jarraipenean.
Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeek eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak jarriko dituztela martxan jakinarazi du gaur Irungo Udalak. Hori lortzeko aurrezki ekonomikoa erdibana banatuko da udala eta ikastetxeen artean, irtenbide jasangarriak sortzen jarraitzeko asmoz.
Abenduaren hasieran Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak energiaren azterketan murgildu ziren eta Energia Taldea sortu eta diagnostikoa osatzen hasteko lehen lan-saioa egin zuten.
Hartara, ikasleak “modu aktiboan” inplikatuko dira ikastetxeko energia kontsumoaren jarraipenean. Irakasle, mantenu arduradun eta udal ordezkariekin elkarlanean “kontsumoa murrizteko irtenbideak adostu” eta ikasturtean zehar martxan jartzea dute helburu.
Horretarako, ikastetxe bakoitzean Energia Taldea deiturikoa izendatu da eta Lehen Hezkuntzako 45 haur ingururen parte hartzearekin talde horiek osatu dira. Haurren ordezkariek gainontzeko ikasleei programaren berri emateko ardura izango dute.
Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetan guztira lau lan-saio antolatuko dira 2023ko abendutik 2024ko martxora bitarte. Saio hauen bitartez energia taldeak sortu eta programa dinamizatuko da, ikasle zein irakasleei zuzendutako baliabideak eskainiz.
Ikasturtean zehar ere ikastetxe bakoitzaren ekintza-plana zehaztu eta ezarritako neurrien jarraipena egingo dute, energia kontsumoa murrizteko.
Lortutako emaitzak aurkezteko bi txosten egingo dira, lehena 2023ko abenduan, eta bigarrena 2024ko irailean. 50/50 izeneko metodologia segituko dute eta Irungo ikastetxe eta udal ordezkarien arteko elkarlana bermatuta egongo dela diote. Horretarako, lau bilera egingo dituzte ikasturtean zehar.