Alex Mozas izango da Bidasoa Irunen entrenatzaile berria
2024-2025 sasoian hasiko da Irungo taldea entrenatzen Alex Mozas madrildarra eta bi urtetara begirako kontratua da adostu dutena.
Akordio batera iritsi dira Bidasoa Irun eta Alex Mozas entrenatzaile madrildarra. Hala, Mozasek Irungo eskubaloi taldea entrenatuko du 2024-2025 sasoitik aurrera eta bi urtetara begirakoa da kontratua. Jacobo Cuetara ordeztuko du, zortzi denboraldi egin ondoren.
Egun, Torrelavega eskubaloi taldearen entrenatzailea da Mozas, 2018tik, eta aurretik Alcobendas taldean aritu zen. Lorpenen artean, Torrelavega 2021eko ekainean Espainiako eskubaloiko maila gorenera igotzea dago.
Datuei erreparatuta hirugarren denboraldia du Mozasek Asobal ligan eta 75 partida daramatza, horietatik 33 garaipen, 7 berdinketa eta 35 porrot. Gaur egun, talde laranja seigarren postuan mantentzea lortu du 15 punturekin.
Horrez gian Mozas Espainiako junior selekzioko bigarren entrenatzailea da, eta aurretik Europako eta Munduko txapeldun izan zen jubenil selekzioarekin. Asobal ligan debutatu zuen urtean, denboraldiko entrenatzailerik onena izendatu zuten, eta joan den ikasturtean bigarren teknikaririk onenaren titulua eskuratu zuen.
Bidasoa Irungo Kirol Zuzendaria Julen Aginagalde “kontent” agertu da akordioagatik eta Torrelavegan egin duen “lan bikaina” nabarmendu du. Entrenatzaile madrildarrak “ibilbide ona” duela dio eta jokalari gazteekin izandako esperientzia azpimarran jarri du. “Kontuan hartu behar da Espainiako selekzioaren beheko kategorietan duen esperientzia. Pertsona aproposa da guretzat, eta arrakasta handia izatea espero dut”.