Etxebizitza eskubidea bermatzea "lehentasuna" da EH Bildurentzat
Aurrekontuetan etxebizitza hutsen azterlana egiteko asmoa jasotzea eskatuko du koalizio abertzaleak.
Uztailean onartu zen udalbatzan Irun tentsionatutako eremua izendatzea, baina, orain, Eusko Jaurlaritzari dokumentazioa igorri eta udaletxeek eskaera hori modu formalean egiteko momentua dela azaldu du EH Bilduk. Hala, eskaera hori egin dezan eskatu du koalizio subiranistak udal gobernuari, “Irunen etxebizitzaren arazoari aurre egitea premiazkoa dela aldarrikatuz”.
Lehentasuna da koalizioarentzat etxebizitza eskubidea bermatzea. Hartara, 2024ko aurrekontuetan etxebizitzari lotutako proposamen desberdinak aurkeztuko dituztela iragarri dute. Etxebizitza eskubidea dela baina ez dagoela bermatuta adierazi du Oihana Briones taldearen bozeramaileak: “Familiek geroz eta problema gehiago dituzte alokairua edo hipoteka ordaintzeko eta gazteek ez dute emantzipatzeko ahalmenik”.
Etxebizitzaren legeak aukera berriei ateak zabaltzen dizkiela eta udaletxeei baliabideak ematen dizkiela babestu izana gogoratu du Brionesek. Berriro mahai gaineratu dute koalizioarentzat gai hau lehentasuna dela eta neurri desberdinen berri eman dute.
Batetik, Irungo etxebizitza hutsen azterlana egitea eskatu dute, etxebizitza horiek herritarren esku jartzeko neurriak martxan jarri ahal izateko asmoz.
Bigarrenik, hiri tentsionatuaren izendapena egiteko aurrera eraman behar den azterlana eskatu dute. Azkenik, gazteei bideratutako alokairurako diru laguntza lerroa galdegin dute. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako diru laguntzen irizpideak betetzeko zailtasunak daudela diote eta udalak ere helburu hori duen diru laguntza lerro bat aurreikustea eskatuko dute aurrekontuetan.