Olentzero eta Mari Domingiren etorrera aberastu nahi dute
Abenduaren 23an egingo dute Irun erdigunera bisita Olentzerok eta Mari Domingik. Baina, etorrera «postal bat» ez izateko lanean dabiltza antolatzaileak, eta kalejira eta gutun biltzeaz harago joan nahi dute.
Mari Domingik eta Olentzerok abenduaren 23an bisitatzen dituzte Irungo kaleak. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera deitzen zaio ongietorri horri, eta urte luzez horretan lanean dabiltza hainbat elkarte: Santiagoko Deabruak, Txorimaloak soinu taldea, Auntxa trikitixa eskola, Bidasoko joaldunak, Bidasoko erraldoiak, EKT elkartea eta Betti Gotti elkartea.
Iaz, baina, jarduna egin ahal izateko baliabide ekonomiko falta salatu zuen lantaldeak, bai eta adierazi etorreraren etorkizuna «politikoen eskuetan» dagoela. Joxeja Zabalo Betti Gottiko kidea da eta, pasa den urtean deitoratu gisara, aurten ere gogorarazi du etorrera antolatzeko udalaren diru partidak «kamustuta» segitzen duela. Era horretan, ezin dute udalarekin adostuta duten plana egikaritu: Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera aberastea.
Udalak etorrera «aberasteko» konpromisoa iragarri zuen arren, udal aurrekontuetan murrizketak iragarri dituzte Kultura departamentuan, eta dirudienez, aberastearen esperoan segitu beharko dute irundarrek. «Aberastea ez dadila izan bakarrik kalejira edo San Juan plazako eskutitz biltzea indartzea», esan dute antolatzaileek. Hala izaten segitzekotan, jarduera behin betiko «postal bat» bilakatuko litzatekeela arbuiatu du Zabalok; «girotze lana» egin behar dela dio, eta horretarako bi pertsonaien bizimodua, hau da, baserri giroa etorrerara eramatea da proposamena.
Adibide gisa, txondorra piztea jarri du, Euskal Herriko beste txoko askotan egiten den bezala. Asmo horien berri baduela udalak azaldu du Zabalok: «Baina ezin dena da 8.000 eurorekin hori bermatu». Kultura departamentuak onartu egin dien diru partida horrekin «ezinezkoa» dela etorrera aberastea gaineratu du. «Udalari eskatzen zaiona da inplika dadila, gure etorrerari, Errege Magoenari bezain besteko garrantzia eman nahi bazaio».
Aurtengo etorrera
Aurreko urteetan ez bezala, Leka Enea ikastetxeko patiotik irtengo dira Olentzero, Mari Domingi, idiak, beraien laguntzaileak, eta ilusio biziz dauden haurrak.
Hitzordua 23ko 17:30erako ezarri dute, eta Zubiaurre kalera joango dira lehenik; bertatik, Kolon pasealekura, eta bukaera San Juan plazan izango da. Bidean zehar geldialdiak egingo dituzte, haurrek pertsonaiak agurtu nahi badituzte edota gutuna eman. Geldialdi «berezia» Foru kalearen eta Kale Nagusiaren artean egingo dute, Zabaloren esanetan, «abesti bat abesten dugu eta aspalditik mantendu nahi dugun zerbait da». 18:30ak ingururako bukatuko dutela aurreratu dute, ekitaldi batekin. «Sorpresatxo batzuk egongo dira, hartu-emana bilatzen dugulako, ikusteko egungo haurrek nola bizi dituzten Eguberriak. Ea zer kontatzen diguten».
Irunen ez dira behin bakarrik pasatzen Olentzero eta Mari Domingi, hiria handia delako eta haur guztiengana iristeko denbora behar dutelako. Hala, Olaberriara eta Meakara joaten dira auzo bakoitzeko auzo elkartearen gonbidapenarekin, baita Mosku ingurura ere EKT-k deituta. Azken horiengana 50 urte daramate joaten bi pertsonaiak.
Urte luzez bizirik dirauen ohitura da, eta Zabalok honako galdera partekatzeko aukera ez du galdu: «Zergatik honek ez du eboluziorik guk antolatzen dugunean?». Inguru horietara guztietara noiz ailegatuko diren jakiteko, bidasoa.hitza.eus-era joan.