CAFeko langile asanbladak lan akordioa lortu du
Akordioa 2023, 2024 eta 2025 urteetan izango da balekoa eta 3.500 langileri eragingo dio. CAFeko hiru planta nagusietako langileez gain, gainera, enpresaren filialentzako ere erreferentziazkoa izango da
Abenduaren 4ean CAF enpresako zuzendaritzak akordio bat proposatu zion Irun, Beasain eta Madrilgo lan batzarrari eta atzo bozkatu zuten langile batzarrean. Hala, 1.306 aldeko bozekin eta 121 kontrakoekin, onartua izan da.
Adostu dute lanpostuak sortzea Euskal Herriko planta produktiboetan, erretiro aurreratuak bermatuta izatea, soldata igoerak KPIaren gainetik, azpikontratuko lankideentzako lan baldintzen hobekuntzak eta titulatuen kolektiboarentzako urteko lanaldiaren jaitsiera. Zehaztu ez dituzten langileentzako lan baldintzetan “beste zenbait hobekuntza” ere lortu dituzte.
Akordioa 2023, 2024 eta 2025 urteetan izango da balekoa eta 3.500 langileri eragingo dio. CAFeko hiru planta nagusietako langileez gain, gainera, enpresaren filialentzako ere erreferentziazkoa izango da, “nahiz eta berez eragin esparrutik kanpo geratu”.
Langile batzarrak keinu egin die Castejongo plantako langileei: “Castejongoko plantako lankideekin batera egindako borrokak fruituak eman ditu, hobekuntza nabarmenak lortu baitira bai soldatetan eta baita urteko lanaldiaren jaitsieran, besteak beste” adierazi dute.
Beasaingo plantan ere aurrera pausoak eman dituztela azaldu dute eta froga nabe berri baten eraikuntzan 9 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa da lortu dutena. Horretarako, “etengabea” izan dela etorkizuneko frogetarako nabea kokatuko den lurzoruari erabilera produktiboa emateko LAB sindikatuaren aldarrikapenak oroitu dute.
HItzarmena “lanuzte eta mobilizazioen bidez” lortu dutela adierazi dute: “CAFeko langileok berriro ere erakutsi dute borroka egitea eraginkorra dela lan baldintzen hobekuntzarako”.
Negoziaketa prozesua “gogorra” izan dela esan dute eta “gakoa” ez desmobilizatzea izan dela argudiatu dute, hainbat sindikatu seinalatuz: “Negoziaketa prozesu gogorrean zehar gakoa izan da zuzendaritzak proposatu eta ELA, CCOO eta UGTk beraiena egin zuten desmobilizatzeko proposamenaren aurrean langile batzarrak, LABek defendatu moduan, borrokarekin aurrera jarraitzeko egindako hautua”.
Garaian hartutako erabaki horrekin, emaitzak ikusteko unea dela oraingoa diote. Bide horretan, langileak elkar zoriondu dira “erakutsitako konpromisoaagatik” eta eskertu egin dute LAB sindikatua. “Hori gabe ez genukeelako akordiorik izango”.
Azkenik, hitzarmen honetan lortu ez dituzten gaien inguruan “lanean jarraituko” dutela aurreratu dute.