IX. Gabonetako Krosa, Bikendi Aizpiolearen omenez
Lehenik haurrak irtengo dira, eta gero bost kilometroko lasterketa nagusia. Emakumezkoen presentzia nabarmendu dute, eta haurren kategoriako lehiak BATeko kide izandako gaztearen izena izango du.
Urtero legez, Irunen Gabonetako Krosak egingo die ongietorria neguko ospakizunei. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, eta hilaren 16an egingo dute Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatua. Lasterketa solidarioa da, eta aurten Mi Dulce Guerrero elkarteari inskripzio bakoitzeko euro bana emango diote. Korrikalari bakoitzak nahiko balu diru ekarpen handiagoa egin dezake.
Lasterkariak Kolon pasealekutik abiatuko dira, eta ohiko bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Luis Marianon egongo den helmuga zeharkatu arte. Lasterketak ez du denbora mugarik izango; beraz, ekitaldi aproposa da kirola eginez larunbat arratsaldeaz gozatu nahi duten herritarrentzat. Lasterketa nagusia 16:45ean abiatuko da, eta aurretik haur eta umeenak egingo dituzte, 15:30etik aurrera. Abenduaren 11ra arte, izen-ematearen jabetza aldatu ahal izango da. Dortsalaren prezioa 14 eurokoa da, eta inskripzioak www.kirolprobak.com orrialdean egin behar dira.
Kroseko Haur Mailako sariari Bikendi Aizpiolea Machado deituko diote lehen aldiz. BATeko kidea zen 17 urteko kirolaria, eta aurtengo apirilean zendu zen, hiru urteko gaixotasun baten ondoren. Klubak adierazi du kide ohiari eta familiari omenaldia egiteko modua izango dela, eta aurten egingo den bederatzigarren edizioan ez ezik, beste edizioetan ere eutsiko diotela izenari. Kategoria horretako irabazleek Aizpiolearen amaren, Diana Machadoren eskutik jasoko dute garaikurra.
Bidasoko I. Maratoi Erdia + 10K
BATek baditu lasterketa gehiago prest. 2024ko otsailaren 25ean egingo dira Bidasoko I. Maratoi Erdia eta 10 kilometroko lasterketak, eta berritasunak iragarri dituzte. Irundik soilik igarotzen zen bosgarren maratoi erdia izan beharrean, Bidasokoa izatera pasa da, eta honen lehen edizioa izango da datorren otsailekoa. Ibilbide berria «erakargarria» da. Probaren hasiera Irungo Kolonen izango da. Handik Hondarribirantz joango dira lasterkariak (10K lasterketakoak Mendeluraino), eta Urdanibia plazan bukatuko dute ibilbidea. 10K-koak 09:50ean irtengo dira; maratoi erdikoek, aldiz, 10:00etan ekingo diote ibilbide berriari.