[Elkarrizketa] “Donostiaraino ailegatzen da Bidasoko oihartzuna”
Urrian estreinatu zuen ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala Muguruzak, ‘Black is Beltza II: Ainhoa’-ren ibilbidea itxi berritan. Orain, «itzalaldia» hartzera doa, baina ez geldirik egoteko.
Ziklo bat itxi berri duzu Black is Beltza II: Ainhoa pelikularen DVDaren banaketarekin. Zein ziklotan zaude orain? Itzalaldi baten berri eman duzu sare sozialetan.
Batzuetan sare sozialekin distantzia hori ez dut ondo bereizten. Publikoari zuzentzen natzaio aspalditik. Sare sozialik existitzen ez zenean komunikazio lan hori nire webgunearen bitartez egiten nuen. Hainbat hizkuntzatan aritzen nintzen, jendeak jakin zezan zer egiten ari nintzen, zein proiektutan nenbilen. Askotan, bestela, galdezka aritzen ziren.
Neke kolpeak pairatzen ari naiz, azken urtean batez ere. Manacorrera (Balearrak) joan nintzen azaroan, eta bidaia horren ondoren, etxera iritsi nintzenean, txikituta sentitu nintzen. Kointziditu egin zuen momentu horrek Black is Beltza II: Ainhoa filmaren DVDak zabaldu genuela merkatuan edo ohiko dendetan. Niretzat itxi egin da ziklo hori, pelikularena. Gero, aurreikusi nuen Bidasoa 2018-2023 dokumentalarekin azkeneko kolpea geratzen zitzaidala. Ipar Euskal Herrian ari gara azken aurkezpenekin. Hori eta gero dokumentalak bere bidea segituko du, noski, baina niri dagokidanez aurreikusten ari naiz abenduan ere izango naizela lanean, jo eta su, baina gero, itzalaldi bat izango dut. Ez dut elkarrizketarik egingo, ez dut aurkezpen publikorik egingo, eta sare sozialetan ez naiz etengabean izango iragartzen egiten dudana. Ez da izan dokumentala aurkeztea bakarrik; elkarrizketa ziklo bat abiatu nuen, eta dokumental honekin dagoeneko 80 elkarrizketa egin ditut. Bestearekin, Black is Beltza II: Ainhoa-rekin, 250 elkarrizketa egin nituen. Zifra izugarriak dira. Emanaldiren aurkezpenean ere izaten naiz, eta kasu batzuetan, bost elkarrizketa egin ditut aurkezpen berberaren bueltan. Sekulako lana da, egin beharrekoa, baina eten bat behar da.
Bidasoa 2018-2023-k estreinaldi mundiala pasa du, eta Euskal Herrian zehar dabil. Zein harrera izan du?
Harrigarria izan da, dokumental bat izateko, nola iraun duen karteldegietan, zinemetan oso zaila izaten delako karteldegietan egotea. Donostiako zinema batean egon da lau astez, Zinemaldian bertantxe estreinatu eta gero. Hori ikaragarria izan da. Iruñean ere bi astez izan da ikusgai, baita Madrilen eta Santiagon (Galizia) ere. Bartzelonan programatzen joan dira, eta bi astez egon da. Orain, Manacorren izan gara proiekzio batean, eta 400 pertsona joan dira. Horrelako gauzak gertatzen ari dira. Hendaian bertan 400 eserlekuak bete ziren, eta 50 pertsona kanpoan geratu. Horrek esan nahi du interes handia dagoela, eta ikusi duenak esaten duela ikusi behar dela. Osagai horiek guztiak kontutan hartuta, oso-oso pozik gaudela esan dezakegu.
Bi urtez aritu gara dokumentala prestatzen, eta orain aurkezpen emanaldietara joaten ari garela lantalde osoa dago inplikatuta. Gari Garaialde Tafallako aurkezpenean izan zen, eta Senegalgo gazte bat joan zen bertara. Hendaian ere Gambiako gazte batzuk izan ziren, eta oso ondo hartu zuten. Boli Kostako gazte batzuk ere joan ziren beste emanaldi batera: Essoh Romeo joan zen aurkeztera, eta dokumentala sendagarria zela esan zioten. Jasotzen ari garena zoragarria da.
Dokumentala grabatu bitartean Frantziara egin zenuen bidaia bat. Bertan, frantsesek, oro har, ez dakitela zer den hemen gertatzen ari dena esan zenuen. Gaiarekiko zein ezagutzarekin egin duzu topo Euskal Herritik kanpora? Euskal Herrian jendeak ba al daki honi buruz?
Uste nuen Euskal Herri osoan jendea jakitun zela, baina nire harridurarako, ez da hala. Donostiaraino ailegatzen da gure oihartzuna, baina hortik aurrera… Iruñean bi aurkezpen egin genituen, bata helduentzako proiekzio saioan eta bestea gazteentzakoan, eta jendeak gertatzen ari denaren berri ez duela ohartu ginen. Badago jendea egoera gertu bizi duena, baina askok esan digute ez zekitela horren larria zenik. Entzuna zutela baten bat hil zela, gero berriz ez zela ezer entzuten, gero berriz ere hildako bat…
Berri bonbardaketa izugarria daukagu eta gaurkotasunaren sindromea ere badugu, bat-batekotasunaren sindromea. Etengabean gabiltza gaurkoa jakiten, eta bihar beste berri batera goaz. Donostiatik harago jendeak galdu egiten du informazio hau. Aldiz, Donostiatik Bidasora elkarlan asko dago, jende inplikatu asko, Bortzirietatik Txingudira bezala. Hori Euskal Herriari dagokionez. Bordeleko euskal etxean izan nintzen, eta Ziburuko kasuaren berri bazuten, baina beraiek egia da Frantziako beste mugei ere begira daudela, adibidez, Calaisekora. Bidasoan hildako bederatziena ez zekiten. Mexikon ere izan gara, eta han ideiarik ere ez zuten. Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian ere izan naiz, eta batzuk zerbait irakurrita zutela esaten zuten, baina gaiarekiko sentsibilitatea duten horiek ziren gehienbat.
Dokumentatzeak balio izaten du historia berriro ez errepikatzeko. Baina zubia itxi eta ireki egin dute berriz ere…
Hendaiako proiekzioa eta gero Gambiako gazte batzuekin izan nintzen, eta horietako batek esan zidan zubia ez dutela ireki, hesiak kendu dituztela soilik. Donostiatik bueltan, Etorbidearen zubitik pasatu ziren, eta bertan zegoen furgoneta txuri madarikatu hori. Hendaiako aldera iritsi zirenean, furgonetakoak atera eta paperak eskatu zizkieten. Orduan, gazte hauek esan zidaten hori ez dela zubi bat irekitzea. Ireki dute zurientzat, ireki dute iraunkorki itxita zegoelako. Alegia, «honek itxita segitzen du zuentzako» esan nahi dute: beltzak, arrazalizatuak… Mezua garbia da. Orain, gainera, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak, Frantziako presidentearekin batera, lege berri bat ezarri nahi du: Darmanin legea. Orain eztabaidatzen ari dira, eta jarraipena egiten ari naiz. Badakit hilaren 19rako Frantzia osoan manifestazio egun bat antolatu dutela lege berri honen kontra. Ultraeskuinak ezarri nahiko lukeen lege berbera da. Batzuek erabiltzen dute estatu terrorismoa kontzeptua, bada hau estatu arrazakeria da. Aldatu den gauza bakarra da momentuz ez dugula beste hildakorik izan. Hori garrantzitsua da, esan nahi duelako hemen dauden lantaldeak, elkarteak, elkartasun taldeak, sostengu taldeak eta bestelakoak lanean ari direla egunero.
Bidasoan hildakoen bizitzen gaineko dokumentazioa egin duzu. Afrikako familiekin harremanetan jartzea nolakoa izan da?
Jende askok galdetzen dit ea informazioa nondik atera dudan, eta lantaldean kazetari bat egon dela aipatzen dut. Baina, dokumentazio batera ez nintzen ailegatzen. Orduan, Poitersen (Frantzia) jardunaldi batzuetan izan nintzen, eta Marie Cosnay baionarrari buruz hitz egin zidaten. Berarekin jarri nintzen harremanetan, liburu bat prestatzen ari zelako, Des iles izenekoa. Baina hainbat liburu dira, eta horietako batek Faisai uhartea 2021-2022 izena du. Horretan idatzi du hemen hil direnen inguruan. Saiatu zen informatzen zein bide hartu zuten, zein zen haien familia… Aintzane Lasartek ere esan zidan hemen hil zen Senegalgo gaztearen aitarekin harremanetan zeudela, baina ez ziela ezer bidali nahi. Orduan, berarekin zuzenean jarri nintzen kontaktuan eta harreman polita bezain gogorra da daukaguna. Hendaiako proiekzioko argazki batzuk bidali nizkion, eta ikusi zituen berarekin harremanetan zeuden batzuen izenak, baita zinema aretoa beteta ere. Ilusio handia eragin zion. Hori ere gertatu da.
Frantziako Barne Ministroa izan duzu hizpide, baina Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria dugu ere hemen, Xabier Legarreta. Dokumentala ikusteko aukerarik izan duen badakizu?
Marie Cosnayk hitz egin zidan berari buruz, eta esan zidan Xabier Legarretak informazio asko zeukala, eta oso lan ona egiten duela. Bere adierazpenak entzun nituen, eta instituzio bateko kide den aldetik interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Gorpu batzuk aberriratzeko ardura hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta berak kontaktu asko dauka hango familiekin. Eskertu egin behar diot egin dizkidan kontaktuak, eta batzuetan horrelako bizipenak behar dira esateko Eusko Jaurlaritzan dagoen Migrazio eta Asilo departamenduko zuzendaria ahal duen guztia egiten ari dela, eta hori Xabier Legarreta da. Jakina, zer egin behar dugu guk? Presionatu. Jakina da instituzioek gehiago egin dezaketela. Dokumentalean ez da ateratzen, baina Anaitze Agirrek kontatzen zuen Baionan, adibidez, Baionako alkateak esan zuela «Pausa [bidean diren migranteei harrera egiteko Baionako gunea da] inguru honetan ez dago atxiloturik. Hau zonalde libre bat da, eta poliziak ezin dira barrura pasa». Bestela, hemen dagoen jendeak pairatzen duen jazarpenaren sindromea berriz bueltan da, gaizki sentitzen dira, eta horiek babestera joateko unea zela esan zuen. Eusko Jaurlaritzari eskatu behar diogu benetan inplikatzeko, hamar hildako horiek hemen izan direlako, Irunen, eta migrazio politiken ondorioz izan dira.
Dokumentala bidea egiten ari da. Afrikara iritsiko da?
Ahalik eta hedapen handiena izan dezan saiatuko gara. Hilaren 17an egingo dugu Tabakaleran proiekzio bat, Kontatutako zinea deituriko zikloan. Tabakaleraren inguruan momentu honetan magrebtar asko dago wifiagatik-eta, eta esan zidaten tentsioa zegoela, arrazakeriaren aztarna batzuk hasi direla altxatzen. Bada, dokumentalaren emanaldi berezi bat egingo dugu bertan, azpitituluak euskaraz eta arabieraz direlarik. Geroago, dokumentalaren DVD edizio berezi bat atera nahi dut. Edizio berezi hori guk gordetzeko nahi nuke, oparitzeko ere, baina batez ere bidaltzeko hildakoen familia bakoitzari. Beraiek etxean izatea, musika entzun ahal izatea, eta ikus dezatela nola inplikatu ginen hemen horrelako lan bat egiteko. Asmoa hori da.