Bi gizon atxilotu dituzte ustez bi lapurretan inplikatuta egoteagatik
Bi kasuetan etxe jabeak etxean ziren, eta lapurretan ari zen pertsonarekin egin zuten topo.
Bi gizon atxilotu dituzte Irungo bi etxetan herenegun egindako lapurretetan ustez inplikatuta egoteagatik. Ertzaintzak atzo atxilotu zituen bi gizonak. Bi kasuetan, gainera, etxe jabeak etxebizitzan bertan ziren lapurreta gauzatzeko unean, eta lapurtzera sartutako pertsonarekin topo egin zuten.
Gertakariak asteazken goizean izan ziren, 06:30ean. Irunen bere etxean lotan zegoen pertsona batek zaratak entzun zituen etxe barruan. Jaiki eta sukaldera joan zenean, gizon bat ikusi zuen balkoian, ihes egiten. Salaketaren arabera, janaria zuen poltsa bat eta zulagailu bat lapurtu zituen.
Ordubertera, antzeko egoera errepikatu zela Irungo beste etxe batean jakinarazi du Segurtasun Sailak zabaldu duen prentsa oharrean. Etxean bizi den pertsonak zaratak entzun eta pertsona bat ikusi zuen terrazatik ihes egiten. Bigarren etxebizitza horretan, bitxiak, argazki kamera, dirua eta bankuko txartel batzuk lapurtu zituzten.
Egun horretan bertan, baina eguerdian, adierazitako bi lapurreten egilearen deskribapen fisikoarekin bat egiten zuen gazte bat ikusi zuela Ertzaintzak azaldu dute oharrean, “aurrekariak zituen antzeko delituengatik eta beste bi gazterekin zegoen. Hirurak identifikatu eta susmagarri nagusia miatu zutenean ustez lapurtutakoak ziren bitxi batzuk eta bisuteria pieza batzuk aurkitu zizkioten”. Bertan zen beste pertsona bati, berriz, bankuko hiru txartel atzeman zizkiotela dio Segurtasun Sailak, “horietako bi etxean lapurreta egin zioten pertsonetako baten izenean”.
Bi gizonak atxilotu zituzten ertzainek.