EAJ: "Sepulvedatik etekina aterako diote Irunek egin duen mailegu bati esker"
'Sepulvedako emakumeak' artelana Munichen dago eta Irungo Udalari koadroak "isilean" mailegatzea egozteaz gain, udala ez dela ondarearen "etekinik" ateratzen ari salatu du EAJk. Aurrekontuetan zuzenketa bat egingo dute hiriko ondarea kontserbatzeko.
Irungo Udalaren jabetzakoa da Ignacio Zuloaga artistaren Sepulvedako emakumeak margolana eta maileguz Alemaniako Munich hiriko Kunsthallean dago. EAJk salatu du “isilean” egin izana mailegua eta herritarrena den ondarearen gainean udalak “etekinik” atera ez izana Alemanian.
Urkiri Salaberria EAJko zinegotziak azaldu du “oso zaila” dela jabetzan Zuloagaren obra bat izatea: “Donostiako Udalak bi dauzka, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, bakarra”. Beraz, ondare horren jabe izatea “garrantzitsua eta inportantea” dela dio Salaberriak.
Obra “isilean” mugiarazteaz gain, koadroak egon behar lukeen lekua “biluzik” dagoela deitoratu dute eta horren gaineko azalpenak galdegin ditu talde jeltzaleak. “Isilik joan dira koadroak eta okerrena da hemen gaudenon artean inork ez zekiela” dio EAJk.
Gainera, koadroa Irunen dagoen bitartean, Segovia “etekina” ateratzen ari dela azaldu du Salaberriak. Izan ere, koadroa han delarik Alemaniako hainbat kazetarik interesa agertu dute eta Segoviara joan dira hari buruz gehiago jakitera. “Sepulvedatik etekina aterako diote Irunek egin duen mailegu bati esker. Zergatik Irunek ez du etekinik ateratzen?” deitoratu du jeltzaleak.
Koadroa izatearen bere garrantzia aitortzearekin segituta, Donostiarenak diren Zuloagak Alemaniara eraman dituztenean Donostiako Kultura zinegotzia bertan izan zela gogoratu du Salaberriak, “baina zergatik hainbeste utzikeria gurean?”. Ildo horretan, Irungo kaleetan ondare asko dagoela adierazi du eta ez dela “etekinik ateratzen” ezta ere: “Anbulategi ondoan Jose Luis Zumetaren mural bat dago, kalean zehar Jorge Oteizaren obrak…”.
“Ondarea, kultura eta artea”
Ondarearen gaineko egoera honen aurrean EAJk “aurrekontua berrantolatzea” proposatu du eta “hainbeste lerro solte beharrean”, beste era batean ardaztea nahi dute: “ondarea, kultura eta artea”. Hori egikaritzeko kultura arloan teknikari berri bat eskatu dute “ondare kultura materiala” kudeatuko duena.
Partida bat nahi dute jeltzaleek ere Irungo kultura ondarea “kontserbatzeko, Irungo kultura ondare materialaren inbentarioak, katalogoak eta diagnostikoak egiteko eta horietako bakoitzak behar duen esku hartzea egiteko”.
Horrez gain, biltegi tekniko bat eta teknikoki homologatutako erakusketa areto bat iradokiko du aurrekontuetan EAJk, “inolako eragozpenik gabe gure hirian erakutsi ahal izateko”.
Biltegi tekniko horrek “jasangarritasuna” edukitzea nahi dute eta “pisu handiagoa” eman arte garaikideari. Ildo horretan, beraien planteamendua “bikoitza” izango dela diote: “alde batetik, Irungo ondarearen kontserbazioa, eta, bestetik, oso proiektu aitzindaria: artelan galeristak biltegiratzeko gune berezi bat”.
Irun mapan kokatuta dagoen tokia “berezia” delakoan, Paris eta Madril arteko arte garaikideen bildumagileen “ezinbesteko bilgune” bihurtu daitekeela adierazi du Salaberriak.
Bestalde, ez dute atzean utzi nahi “herri kultura” eta Laboral Kutxak Irunen duen espazio berezia udalak sustatzeko eskatzea bideratu dutela aurreratu dute. Espazio honen dinamizazioa Barandiaran Fundazioak “dinamizatzea eta sustatzea” proposatu dute. “Horrela, gure hiriak gune berezi honetaz gozatzen jarraitzeko aukera izango du, kokapen ezin hobean, irisgarritasunean eta erakusleihoan”.
EAJk uste du orain ondareari egiten zaion kasua aintzat hartuta, “erraza” dela esatea “Irunen pinturak kontserbatzea baino, beste lehentasun batzuk daude edo eta nork ordaintzen du festa?”. Beraz, ondasuna kontserbatu eta mantentzeko “elkarren arteko lanerako formula landu, zaindu eta goraipatu behar dira, hala nola: ezagutza eta espiritua”.
Azkenik, kultura ondarea babestea ez dela “espazio oso ikusgarri eta handiak berreskuratzea soilik” dio EAJk, “baizik eta xirimiriaren antzeko lana egitea”. Hartara, Irungo udal gobernuak “ihes egiten utzi dien eta gure iraganeko ahotsa eta gure historia islatzen duten margolan horiek, modu txukun eta duinean mantentzea eskatzen dugu”.