Abenduaren 13an izendatuko dute Cristina Laborda Albolea alkate
Ia 25 urteko ibilbide politikoa atzean, Irungo alkate izatearen ibilbidea hasiko du datorren abenduaren 13an Cristina Laborda sozialistak.
Pasa den azaroaren 27an uko egin zion alkate eta zinegotzi karguari Jose Antonio Santano sozialistak. Orduan, hamar eguneko epea hasi zen alkate berria izendatzeko ezohiko bilkura dei zezan Miguel Angel Paez jarduneko alkateak. Data gaur iragarri du udalak eta abenduaren 13an hartuko du alkate eta hainbat erakunderen lehendakaritza Cristina Laborda Albolea sozialistak.
Horrez gain, Santano joan denetik udalbatzan eserleku bat dago betetzeke eta PSE-EEri dagokio aulki hori esleitzea. Bada, haien zerrendaren hurrenkerari segitu eta Sergio Corchon Arretxe bueltatuko da udalbatzara.
Cristina Laborda Albolea
Laborda 1999. urtetik da zinegotzia Irungo Udalean, Alberto Buen alkatearen azken agintalditik, hain zuzen. Ia 25 urte daramatza politikan eta hurrengo astean alkate izateko ibilbideari ekingo dio.
2023ko ekainean osatu zuen udal gobernu berria Santanok eta, ordutik, Labordak zortzi ordezkaritza ditu bere gain: Gizarte Ongizatea;
Giza-Baliabide eta Zerbitzu Orokorra; Obra Publikoak; Udaltzaingoa eta Bizikidetza; Garapenerako Lankidetza; Baloreak eta Giza Eskubideak; Berdintasuna eta Kontsumoa.
Udaletxean ez ezik, Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen Patxi Lopez lehendakariaren agintaldian 2008tik 2012 bitartean. Aurretik, gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea izan zen 2007ko ekainetik 2008ko martxoa arteko epean. Urte horietan guztietan jardun politikoa gaztelaniaz egin izan du eta bere euskara maila B1 tituluak berresten du.
Labordaren etorkizuneko udal gobernuak ez dauka gehiengo osoa udalbatzan. Horretarako, akordioa behar luke sinatu EAJrekin edota EH Bildurekin, eta aurrekariak begiratuta, jeltzaleekin egin dezakete udal gobernua eratzeko akordioa. Gaur gaurkoz, Irungo Udaleko 20 ordezkaritzak lau zinegotziren artean ditu banatuta PSE-EEk.