Urteko azken mobilizazioa egin du Osasun Bidasoak
Bidasoko osasun publikoaren plan estrategikoa idazteko "elkarlana" eskatu dute. Gainera, itxaron zerrendak "luzeak" direla salatu dute, beste behin.
Azarotik abendura deituta zeuden elkarretaratzeetan azkena egin zuen joan den larunbatean Osasun Bidasoak, Zabaltza plazan. Guztira bost mobilizazio egin dituzte Irungo eta Hondarribiko anbulatorioen parean, eta Bidasoa ospitalean.
Horrez gain, azaroaren 24ko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuen Osasun Bidasoak, udalbatzako alderdi guztien sinadurarekin, EAJrena izan ezik. Plan estrategiko bat lantzea galdegin zuten mozioarekin, eskualdeko osasun publikoa hobetzeko helburuz.
“Elkarrizketa eta elkarlana” da eskatu dutena osasun langile eta Osasun saileko langileen artean, eskualdeko osasun sistema publikoaren estrategia plana garatzeko. Eskualdeko osasun etxeetako langileek “errealitatea” ezagutzen dutela azaldu dute eta haiei “entzuteak” “egoera hobetuko” lukeela ziur dira.
txaron zerrenda luzeak
Osasun profesionalei aldian-aldian emandako datuetan oinarrituta, itxaron zerrendak “amaigabeak” direla ondorioztatu du plataformak. Zailtasunak handitu egin dira arreta espezializatuko kontsultetara iristeko, baita proba diagnostikoak egiteko ere.
Urriaren 26an, itxaron zerrenda luzeena traumatologiako kontsultetarakoa zen: 186 egun (6 hilabete); otorrinorako 152 egunekoa da (5 hilabete); ekografia baterako 230 egunekoa (8 hilabete); eta 2 hilabetetik gorakoa gastroskopia, kolonoskopia edo TAC baterako. Iazko martxotik hona, ekografiak 172 egunez luzatu dira; otorrinoak 138 egunez eta traumatologia 57 egunez. Biribilduz, 2022ko martxotik, pandemia kontrolpean zegoenetik, itxaron zerrendak 8 espezialitate eta 3 proba diagnostikotan handitu dira.