Laugarren squash pista "behin betiko" galtzeko arriskuaz ohartarazi du Lur Alaik
Artalekuko lau pistetatik, hiru dituzte erabilgarri "behin behinean" baina aurrekontu parte hartzaileetako proiektu bat egikarituz gero, "behin betikoa" litzateke erabakia. Irungo "squasharentzat bueltarik gabeko kaltea" litzateke Lur Alai klubarentzat.
Lur Alai Squash taldeak behin baino gehiagotan salatu izan du Artalekuko lau squash pistetatik, hiru dituztela erabilgarri. Pandemia garaian hasi ziren pisten murrizketak, baina luzera jo du erabakiak eta pistetako bat fitness pista izaten segitzen du. Orain, “behin behineko” moldaketa zirudienak “behin betikoa” izango dela dirudiela salatu du Lur Alaik, udalak horretarako planteamendua egin dielakoan.
Udalaren 2023ko gazteen aurrekontu parte hartzaileetatik jasotako ideiari heldu, eta Artalekuko gimnasioa handitzea du Kirol departamenduak asmo. Dena den, udalak “ez duela erabaki irmorik hartu” proiektu honi dagokionez dio Lur Alaik, baina, aldi berean, udalak adierazi die “klubak nahikoa duela hiru pistekin”.
Gainera, udalak harrotasuna erakutsi ziela dio Lur Alaik, “Irunek squash pista gehien dituen hiria izaten jarraituko duelako”. Klubak deitoratu egin du “oinarririk gabeko argudioa” izatea eta egungo Irungo squasharen “errealitatea ez aintzat hartzea”. Izan ere, Irungo kluba 80 bazkiderekin Gipuzkoako bazkide gehien dituena da, eta EAEko bigarren handiena, Gasteizen atzetik zeinak 100 bazkide eta 12 pista dituen.
Lur Alairen arabera, udalak “Irunek ez duela zertan bere gain hartu behar squasharen zentraltasuna Gipuzkoan edo Euskadin” adierazi zien eta argudio hori kontraesankortzat jo dute, “beste kirol batzuetan erreferente eta harro denean eta horren aldeko apustua egiten duenean, hala nola, erabilera askoko pabiloia, Sonia Etxezarreta eta Ramuntxo Berri”.
Salatu dute squasharena dela kirol espazio bat ixtearen aldeko apustu bakarra. Kirol hau “desagertzeko arriskuan” dagoela gogoratu dute eta pista bat kentzeak ez du “bere alde” egiten. Pista bat ixteko erabakiak aurrera jarraituko balu, “atzera pausu bat” izango litzatekeela diote: “Klubaren lan horri esker eta Irunek dituen lau squash pistengatik bihurtu gara squasheko erreferente”.
Erreferente izatea, gainera, “ez dela bilatzen” azaldu dute, “zortez daukagunarekin izan gaitezkeen aukera hori ez galtzean” datzala erreferentzialtsunak kasu honetan. Beste kirolekin alderatuta haienak ez duela milaka euroren instalazio berririk behar diote, eta horregatik, “mantendu eta babesteko” galdegin diote udalari.
Azken erabakiarengatik eta dagoeneko itxita dagoen pistagatik “abandonatuta” sentitzen dira klubeko kideak, udalak ez duelako squash pista bat ixtea den “beste irtenbiderik, borondaterik edo proposamenik mahai gaineratzen”. Neurri horiekin klubaren gainbehera aurreikusi dute: “pista gutxiagok, erabiltzaile gutxiago esan nahi du, baita federatu gutxiago, harrobi gutxiago eta emakume gutxiago ere”. Galtzeko arriskuan dagoen kirol honen “sustapenean eta berreskurapenean” atzera egingo litzatekeela diote.
Squasharen etorkizuna, udalaren esku
Fitness pista txiki geratu izana onartzen du squash klubak, “beste kirol instalazio asko bezala”, baina presente izan behar dela enpresa kudeatzaileek beti izan dutela gimnasioa aretoa handitzeko nahia squash pistak kentzearen truke, eta udalak horren aurrean erantzukizuna duela adierazi diote: “Instalazioak udalarenak dira, eta bere esku dago horiek esplotazioa arautu, antolatu eta mantentzea, baita espazioak beste helburu batzuetarako aldatzeko erantzukizuna ere”.
Bestetik, udalak haiei eragingo dien neurriak zuzenean ez jakinaraztea agerian utzi du klubak ere: “Ez zitzaigun ohartarazi pandemia ondoren gimnasiorako squash pistetako bat gaitzeko asmoa zeukatenik, ezta oraingoan ere, aurrekontu parte hartzaileen ondoriozko fitness aretoa hobetzeko planteamenduaren aurrean”.
Lur Alaik bilera eskatu zion udalari pistaren gaineko zurrumurruak argitzeko helburuz, baina diote udalak ez diela zehaztu aretoaren hobekuntza horiek nola gauzatuko diren. Nolanahi ere, aurrekontua onartuta dago, eta horren ondorioz, fitness makina berriak erosiko dituztenez beldur dira haien pista ja txiki geratzeko.
Aurrekontuetakoa egikaritzen hasiz gero, “squasharentzat bueltarik gabeko kaltea” litzatekeela dio Lur Alaik, “errentagarritasun faltagatik pistak ixten jarraitzen dutela erakusten baitu, instalazio publikoen kudeaketa pribatizatzearen etengabeko dinamika politika hartu denetik”.
Gazteen aurrekontu horietan bada beste proposamen bat gimnasio handiago bat eskatzen duena, baina hari ez dela egingarria esanez eta klubari “deigarri” egin zaio: “Gaur egun kiroldegietan dagoen gimnasio espazio ezin da handitu aldez aurreko obra proiekturik egin gabe. Gimnasioa handitzeak ezin du ekarri beharrezko beste kirol espazio batzuk kentzea”.
Udalari egotzi diote “kontraesanak” izatea eta “zintzotasun falta”, eta hargatik, mesfidantza sortu izana. Klubaren hitzetan, “lau squash pistetako bat behin betiko ixteko aitzakiarik baliagarriena bilatzen ari dira”.
Irunen daukatena ez galtzeko borrokan dabiltzan bakarrak izatea gogoratu dute berriro eta udalari eskatu diote kirol hau benetan berreskuratzeko eta sustatzeko apustua egin ezan. “Helburu horiek bultzatu zuten kluba sortzera eta 10 urteren ondoren, lortu ahal izan dituela erakutsi duen bezalaxe”.
Hitzez hitz, honako hauek dira klubaren aldarrikapenak:
- Squashak bizi duen ezohiko egoerarekin sentsibilizatzea, eta klubaren 10 urteotako lana babestea, desagertzeko bidean dagoen kirol modalitate bat berreskuratzea eta suspertzea lortu baitu. RFESek eta ESF/FVSk babestutako lorpenak azpimarratu behar dira.
- Kirol hau sustatzeko jarduera ugari antolatu eta sustatu dituen erakunde nagusia gara Gipuzkoa osoan, baita Estatuko eta Autonomia Erkidegoko erreferente bilakatu ere.
- Klub gazte batek 80 bazkide baino gehiago lortu ditu, 60 federatu eta squash eskola bat, kolektibo minorizatuenei zuzendua, batez ere adin txikikoei eta emakume helduei.
- Erabiltzen ez ziren Artalekuko squash pisten okupazioa berreskuratzea lortu dugu eta orain, berriz ere, erabiltzaile berriz beteta daude.
- Duela gutxi, Squash kirol olinpiko gisa izendatu dute LA 2028rako, eta horrek ikusgarritasun handiagoa eragingo du, jokalari gehiago erakarri eta pista berriak ireki.
“Fitness aretoa hobetzeko” onartutako 60.000 euro horiek “nola eta zertan inbertitu behar diren” jakin nahi du Lur Alaik eta horretarako hainbat proposamen luzatu dizkiote udalari. Honako hauek dira, hitzez hitz:
- Jarduera jakin baterako eraikitako edozein espazioren (squash pisten) garapen normala eragozten edo kaltetzen duen obrarik edo egitura-aldaketarik ez egitea. Zentzu horretan, errespeta dezatela Udalak aurrekontu parte-hartzaileen proposamenetako bat ezetsi izanaren erantzuna.
- Squasharen eta bere kalterako planteatzen den proiektuaren salbuespenezko egoera dela eta, atzera bueltarik ez duen erabaki bat hartu aurretik ahalegin guztiak egitea eskatzen dugu. Azterketa eta jarraipen independentea egitea eskatzen dugu, fitness aretoko espazio eta baliabide guztiak optimizatzeko kontuan hartu beharreko hainbat faktore aztertzeko:
- Zein makina eskatzen/erabiltzen diren gehien eta zein gutxien.
- GYMerako prestatutako squash pistaren erabileraren jarraipena egitea.
- Egunen eta hilabeteen araberako jarraipena, benetako erabilera baloratzeko.
- Erabiltzaileen eragin/jatorri-eremua kontutan izatea. Erabiltzaileek gertuko fitness aretora joan daitezen aztertzea, Azken Portu eta Artaleku artean.
- Artalekuko gimnasioan dauden espazioak egokitzea eta berrantolatzea.
- Azterlanean eta hobekuntza-proiektuan Azken Portuko fitness aretoa sartzea.
- Azken Portuko fitness aretoa handitzea, instalazio honetan egiten ari den handitze-fasearen barruan.
- Kirol-instalazioak handitzeko etorkizuneko proiektuetan edo handitze faseetan, squash pista berriak kontuan hartzea eta integratzea.
- Artalekuko 4 squash pisten hormak eta lurzoruak eraberritzea.
- Klubak squash-arekin lotutako proiektuetan parte hartzen jarraitzea.