[Erreportajea] Euskara ikasteko aukera, Larreaundiko auzo elkartean
Otsailean jarri zen martxan hastapeneko euskara taldea Larreaundi-Olaberria auzo elkartean, AEKren laguntzaz. «Gerturatu» egin da euskara, eta auzoa euskalduntzeko oinarri berri bat ezarri dute.
Larreaundi-Olaberriko auzo elkartea bizi-bizirik dago. Inoiz baino biziago. Horren erakusle azken bi urtean antolatu dituzten askotariko jarduera kulturalak, haurrentzako liburu taldea, idatzitako auzo plana edota auzoko jaien biziberritzea. Euskara da haien hizkuntza eta euskaraz ari dira auzoa egiten. Baina auzoa euskalduntzeko beharra ere identifikatu zuten, eta horretan urratsak egiten ari dira. «Arrazoi askorengatik gaur egun ez da auzo euskalduna. Horregatik, doako klaseak eskaini nahi genituen auzoan, euskara ikasteko aukera izan ez duten auzotarrei aukera eskaintzeko». Horretarako, Irungo AEKrekin jarri ziren harremanetan eta klaseak auzora gerturatzeko proposamen bat luzatu zieten.
Iazko ikasturte hasieran nahi zuten klaseekin hasi, baina gutxieneko ikasle kopurura ez ziren iritsi. Orduan, aurtengo otsailean berriro zabaldu zuten hastapen klasea osatzeko asmoa, eta, horretarako, bi kideren faltan ziren. Iniziatiba aurrera ateratzeko Izaskun Sagarzazuk izena eman zuen: «Euskaldun zaharra naiz eta taldea osatzeko sartu nintzen klase hauetan. Gustura nagoenez, bertan gelditu naiz».
HITZA ikasgelara sartu da, eta sei ikasleetatik bostekin izan da. Hala ere, bertan zeuden ikasleek haien izen guztiak «mesedez» aipatzea eskatu dute «denen artean ari garelako ikasten»: Junkal Alfonso, Karmele Aranda, Akissi Bado, Agustin Ogeta, Olga Reinosa eta Izaskun Sagarzazu.
Astean bi orduko bina saio egiten dituzte, astearte eta ostiral eguerditan. Arbelaren aurrean, eta ikasleak entzuten azalpenak ematen baino denbora gehiago pasatzen du Olatz Berasarte AEK-ko irakasleak. Ikasgela auzora gerturatzea bertako euskalduntze prozesuan «gakoa» izan dela uste du Berasartek, eta AEK pausoak ematen laguntzeko prest dagoela adierazi du. «Bidelagun izateko gerturatu egin gara, urrutirago heltzeko».
Euskara, «gertutasunetik»
Ikasleek ere bat egiten dute euskara klaseak gerturatzea euskara ikasteko bultzada izan dela. Ogeta ikaslea urte asko euskaltegietan pasatakoa da, eta orain, zailtasunak ditu hiriko euskaltegietara gerturatzeko «osasun arazotxoak» medio, «gerturatu direnetik, niretzat, hobeto». Arandarentzat ere haiengana gerturatzea «oso inportantea» izan da, eta sumatu du «asko askatu» dela euskaraz hitz egitean.
Bado ikaslea Santiago auzokoa da, baina gertu sentitu du ikasgela: «Uste dut klaseak gerturatzea ideia ona dela, eta formatu lasai hau lagungarria dela». Duela urtebete iritsi zen Irunera Madrildik, eta urtebetean «gehiago euskaldundu» dela nabaritu du, batez ere, lanean: «Lanean, hasieran, ez nekien zer esan nahi zuten hitzek eta klaseetara etortzeagatik badakit esaten egun on edo arratsalde on. Hitz horiek esaten jakiteak hemengoa sentiarazten nau».
Reinosa eta Ogeta senar-emazteak dira. Haien seme-alaba euskaldunen babesa dute prozesu honetan. Izan ere, etxean «pixka bat» elkar hitz egiten dute, «alaba oso harro dago nitaz», azaldu du Reinosak. Babesa eta akonpainamendua «oso garrantzitsuak» direla azaldu du, eta hunkituta euskararekiko maitasuna ere agerian utzi du Reinosak: «Ez nuen euskara ikasteko aukerarik izan, eta, oraindik, ez naiz askatu hitz egiterakoan. Oso garrantzitsua iruditzen zait euskara mantentzea»; «eta hitz egitea!», gaineratu du Ogetak.
Ikasle bakoitza mundu bat da, eta euskara maila ezberdinak dituzte. «Auzotarrek harremanak estutu» dituztela dio Berasartek, eta «oso giro» ona lortu dutela gaineratu dute aho batez ikasleek. «Primeran» moldatzen direnez, hurrengo ikasturtean segituko dute.