Correos seinalatu du Itaiak bertako "garbitzaileen egoeraren erantzuletzat"
Sei hilabete daramate soldata kobratu gabe Correoseko garbitzaileek eta greba mugagabean daude.
Greba mugagabean daude Correoseko garbitzaileak urritik, eta egun, sei hilabete daramate langileek soldatarik kobratu gabe, baita uztaileko aparteko ordainsaririk jaso gabe ere.
Atzo, greba orokorraren harira, Itaiak Irungo San Migel auzoko eta Zabaltza plazako Correos bulegoak seinalatu zituen. Antolakunde sozialistak Correos garbitzaileen egoeraren erantzuletzat jo du, baita inolako aterabiderik ematearen arduradun ere. Izan ere, garbitzaileek azpikontratatutako J Cordoba enpresarentzat lan egiten badute ere, enpresa hori Correosek kontratatzen du.
Urrian garbitzaileek grebara jo zutenetik, “elkarretaratzeak eta bulegoak zikintzeko ekintzak” egin dituzte eta Irungoan egin zutenetik, bulegoa ez dutela garbitu azaldu dute. Bada, atzoko greba eguna probestu zuen Bidasoko Itaiak “barrutik zikintzeko eta kanpoan propaganda jartzeko”.
Aldarrien artean, “enpresak eta instituzioak emakume langileon miseriaren erantzule”, “sei hilabete daramatzate soldata kobratu gabe: Correoseko garbitzaileak borrokan!” eta “azpikontratekin amaitu!” irakur daitezke.