[Bideoa] "Zaintzarekin negoziorik ez" egiteko aldarri ozena Bidasoan
Greba Feminista Orokorra "hasiera besterik ez dela" aldarrikatu zuen atzo Bidasoko mugimendu feministak. Pentsiodun eta langileak elkarri helduta "zaintzarekin negoziorik ez" egiteko aldarria egin zuten egun osoan zehar izandako mobilizazioetan.

Atzoko greba feminista orokorra, hasiera, hasiera besterik ez dela aurreikusi zuen atzo Bidasoko mugimendu feministak. “Zaintzarekin, negoziorik ez” egiteko aldarria egin zuten, zaintza sistema publiko bat eraikitze aldera. “Denbora pasa da mugimendu feministak zaintza krisia eta honen dimentsio globala seinalatu zuenetik” gogoratu dute eta pandemiak zaintza egungo zaintza erregimena kolokan zegoela ikusarazi zuela.
Goizean goiz piketeak egin zituzten Irungo Gabiria industriagunean eta pertsona bat identifikatua izan zen. Segidan, 08:00etan auto karabanak irten ziren Hondarribitik eta Irundik, eta GI-636 errepidea kolapsatzea lortu zuten, ospitaleko biribilgunearen parean. Ondoren, gosaria egin zuten Olagarro elkartean eta haurren zaintza espazioa bermatuta egon zen.
Eguerdian, elkarretaratzeak egin zituzten Irungo Ama Xantalen adinekoen egoitzan eta Hondarribiko M8 plazan. Irungoan jende andana elkartu zen, baina ez zen langilerik atera elkarretaratzearekin bat egitera, nahiz eta greba ezin dutenek besoko laranja batekin atxikimendua adieraz zezaketen. Erresidentzia horrek zerbitzu publikoa eskaintzen duen arren, kontzesio pribatua dauka. Hondarribian, bestalde, herritarrek bai eta udal ordezkariek erantzun egin zioten elkarretaratzeari, hantxe izan baitziren Igor Enparan alkatea, Estitxu Urtizberea Abotsanitzeko zinegotzia eta Garoa Lekuona EH Bilduko ordezkaria.
Bizitza duinen aldeko irakurketa egin zuten, eta bide horretan, Txingudiko Pentsiodunen borroka aitortu zuten. Sei urtez, astelehenero irteten dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzera eta atzoko greba egunean nabarmendu zuten pentsiodunek dutela “problema handiena” eta beti egongo direla “andre, emakume eta borrokan”.
Pentsiodunen mugimenduak urte askotan zaintza lanetan inolako kotizaziorik gabe lanean egon diren emakumeak eraman ditu erdigunera, eta “eskerrak” eman dizkiote haien lanei, “pentsio osoa beraientzat ere”. Abenduaren 21an aurrekontua sinatu behar du Eusko Jaurlaritzak eta ez dute kontutan hartu 1.080 eurokoa izatea pentsioa. “Nola bizi behar dugu 700 eurorekin?”.
Zaintza lanek ez dutela aitortza ekonomiko eta sozialik dio Aratz Altzaga LAB Oarso Bidasoko bozeramaileak, eta zaintza langileen garrantzia pandemian agerian geratu zela, baina dirudienez ahaztu egin dela dirudiela azaldu zuen. Grebari dagokionez, Bidasoan “jarraipen handia” izan duela grebak sektore publikoan baieztatu zuen. Horren irudi, arratsaldeko manifestazioa.
Eguna bukatzeko eskualdeko manifestazioa abiatu zen Mendeluko biribilgunetik, San Juan plazaraino. Antxeta irratiak zabaldu duenez 800 pertsona elkartu ziren manifestazioan.











