Zaintza sistema "errotik" aldatu behar dela aldarrikatuko dute bihar
Irun eta Hondarribiko mugimendu feminista ere kalean izango da bihar, Greba Feminista Orokorrerako egun osoko egitaraua prestatu baitute.
Hasi da atzera kontaketa. Bihar (hilak 30) Irun eta Hondarribiko kaleak ere aldarrikapenez beteko dituzte herritarrek, Greba Feminista Orokorra egingo baitute. Eskualdeko mugimendu feministak ere bat egin du biharkoarekin, eta ohar batean azaldu dutenez, “zaintzaren problematika erdigunean jarri eta herri mugimendu zein eragile sozio sindikalekin aliantzak sortu eta proposamenak bateratzeko” probestuko dute biharkoa. Egun osoko egitaraua ondu dute biharko (behean kontsulta daiteke).
“Historikoki emakumeok izan gara zaintzaren pisua geure gain hartu dugunak, eta ez da sekula lan gisa aitortua izan; areago, lan horiek politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira. Egun, Euskal Herrian, indarkeriaren eta desberdintasunaren ardatz dira, eta zenbait zapalkuntza gurutzatzen dira lan horien baitan: arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala. Ondorioz, zaintzak sexuatuak, arrazializatuak eta estratifikatuak daude. Gainera, aitortuak ez izanagatik ere, kapitalismo heteropatriarkala horien gaineko irabaziez aberastu da, zaintza lanak merkantilizatuz, pribatizatuz, esplotatuz eta horiekin espekulatuz”, esan dute Greba Feminista Orokorra Bidasoaldea taldetik.
Eskualdeko emakumeek “zenbat, nola eta nor zaindu” nahi duten erabaki nahi dutela erantsi dute, baita “zenbat, nola, eta nork zaindu behar gaituen erabaki”. Zaintzeari ezetz esateko eskubidea ere aldarrikatu du eskualdeko mugimendu feministak. Horregatik, bat egin dute biharko grebarekin eta ondorengo hiru aldarrikapenez beteko dituzte Hondarribia eta Irungo kaleak: “zaintzen ezinbestekotasuna agerian jarri eta nork eta zein baldintzatan zaintzen duen azaleratzeko; baita antolatzeko, aktibatzeko eta saretzeko ere; sistema kapitalista, heteropatriarkala, kolonialista eta arrazista salatzeko, eta pribatizazioaren arduradunak interpelatu eta seinalatzeko; eta guztion bizitzez ari garelako, zaintza eskubidearen aldeko borrokak jendarte osoari eragiten diolako”.
Zaintza eraldaketarako tresna izan dadin nahi dute, eta horretarako ezinbestekotzat jo dute “gaur egun prekarioenen eta kolapsatuta dauden egoerei aurre egitea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat definitzea”. Zaintza sistema publiko komunitario baten beharra ere nabarmendu dute, “beharrekotzat” jo baitute “elementu horiei erreparatu eta zaintza lanak demokratizatzea”. “Zaintza eskubide sozial gisa ulertu eta bermatu behar dugu. Zaintzak unibertsala eta bidezkoa izan behar du”.
Era berean, zaintza sistemaren “antolaketa arrazista eta koloniala” ere salatu nahi izan dute, arrazakeriaren, antigitanismoaren eta xenofobiaren ondorioz, pertsona arrazializatu, migratu eta ijito gehienek sektore aratu gabeetan eta “inolako babes sindikalik” gabe lan egiten dutelako.”Horren adibide da barne langileen kasua: langile horien %95 emakume migratu arrazializatua da. Langile horiek dira, hain zuzen ere, greba honetarako arrazoi gehien dituztenak, eta hala ere, baldintza kaxkarrak eta babes falta direla medio, haietako gehienek ez dute grebarako eskubiderik izango. Ezinbestekoa da kolektibo horien guztien aitortza egitea eta haien aldarrikapenak aintzat hartzea”.
Zaintza sistema “kapitalista eta patriarkala errotik” aldatu beharra dagoela erantsi dute eta horregatik, “aldarrikapen horiek guztiak Bidasoko kaleetan ozen entzun daitezen”, honako egitaraua antolatu dute biharko:
- 6:00: Piketeak (Gabiria industrialdean).
- 8:00-9:30: Kotxe karabanak Irunen (Stadium GAL) eta Hondarribian (Eroski handiko aparkalekutik).
- 9:30: Gosari Herrikoia egingo dute Hondarribiko Olagarro elkartean.
- 11:00: Elkarretaratzea egingo dute, Hondarribiko Martxoak 8 plazan.
- 13:00: Elkarretaratzea egingo dute Irungo Ama Xantaleneko zahar egoitzaren parean.
- 14:00: Bazkari herrikoa egingo dute Irungo San Juan Plazan. Bazkaria eramateko eta elkarbanatzeko deia egin dute.
- 17:30: Eskualdeko manifestazioa Mendeluko errotondatik abiatuko da.