UEMAko kideen zerrendara batu da Hondarribia
Ortzi Alonso zinegotziaren arabera, joan den asteko osoko bilkuran hartutako erabakia "historikoa" da. UEMA eta udalaren arteko elkarlanak "fruituak" emango dituela ziur da.
Hondarribia UEMAko udalerria da dagoeneko, zerrendara batu den 104. herria izan da. Joan den osteguneko osoko bilkuran onartu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea, Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko botoekin.
Ortzi Alonso zinegotziak udalbatzak hartutako erabakia “historikoa” dela adierazi du: “Hondarribiko euskararen egoerak kezkatzen gaitu, euskara ezagutza maila altua bada ere, erabilera datuak oso kezkagarriak dira. Ekimen berriak martxan jarri behar ditugu eta besteak beste, pasa den astean udalbatzan hartutako erabakia historikoa da”. UEMA eta udalaren arteko elkarlanak “fruituak” emango dituela ziur da Alonso: “Udaleko jardueraz gain, udalerrian eragin nahi dugu bereziki. Euskara kontzientzia landu eta gure herriko belaunaldi desberdinak euskaraz bizi daitezen jardungo dugu. Udala, herritarrak eta elkarte desberdinak, denon artean euskara komunitatea saretuz”.