Teknologia berrietara hurbilduko dira herriko haurrak
Gaztetek tailer teknologikoen edizio berri bat abiatuko dute abenduan. Besteak beste, robotika, programazioa edo argiztapen elektrikoa ikasiko dute 8-13 urte bitarteko haurrek.
Gaztetek tailer teknologikoen edizio berri bat antolatu du Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirikek. Gabonetako oporraldian egingo dituzte tailer horiek, eta 8-13 urte bitartekoek ahalko dute parte hartu.
Udaleko iturrien arabera, tailerren helburua “jarduera teknologiko dinamiko, sortzaile eta berritzaileen bidez haien buru argitasuna sustatzea da”. Jarduera teknologiko ezberdinen bidez “haien asmamena sustatu” nahi dute, “sormen ekintza piztu” dadin haiengan. Elkintzailetza izpiritua bultzatu nahi dute, eta bide batez, teknologia berrietara hurbilarazi nahi dituzte haurrak. Horretarako programazio, bideo jokoen diseinua eta sorkuntza robotika eta 3D inprimaketa egiten ikasiko dute.
Lehen tailerra Toy Store izenekoa da, 8-10 urte bitartekoei begirakoa. Honetan robot bat asmatu, eraiki eta programatuko dute partaideek. Toy Race Car tailerrean, berriz, robotizatutako ibilgailu bat asmatu beharko dute 11-13 urte bitartekoek, eta ondoren, auto eroen lasterketa bat egingo dute sorkuntzekin.
Urtarrilaren 2tik 5era Zaindu dezagun fauna izeneko tailer zikloa egingo dute. Besteak beste, papiroflexia eta argiztapen elektrikoaren gaineko tailerraz eta animali robotikoen inguruko tailerretan parte hartuko dute haurrek.
Tailerren gaineko informazio eta xehetasun gehiago lotura honetan kontsulta daitezke. Izen emateak ere bertan egin beharko dira, abenduaren 9a baino lehen.
Tailer bakoitzean 10 lagun onartuko dituzte gehienez, eta saio guztiak Kultur Etxean izango dira.