350 kilo hondakin jaso ditu Itsas Zaintza Sareak
Bilketa igandean egin zuten Pasaian, Hondarribian eta Gipuzkoako beste lau herritan. 250 boluntario bildu ziren ekintzara.
Itsas Zaintza Sareak, itsasoa zaintzeko zeregina bere egin duen Gipuzkoako itsas eragileen sareak, itsas hondakinak jasotzeko auzolanak egin zituen igandean Pasaia, Hondarribian eta Gipuzkoako beste lau herritan (Zumaia, Zarautz, Mutriku eta Donostian). 250 boluntario baino gehiago izan ziren egitasmoarekin bat egin zutenak. Eguna “arrakastatsua” izan zela adierazi dute sarea osatzen duten hogei eragileek, baita sarearen koordinatzaile den Mater Ontzi Museoko Ekoaktiboko kideek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailaren kolaborazioagatik egin ahal izan zen bilketa: orotara. 350 kilo hondakin kendu zituzten herrialdeko kostaldetik.
Pasaian, Alabortza inguruan egin zuten bilketa, eta Hondarribian kirol kaiaren eremuan. Mater-ek koordinatutako aldi bereko ingurumen sentsibilizazio ekintzarik handiena izan zenean, jasotakoak karakterizatu zituzten, hau da, sailkatu egin zituzten horien jatorriaren berri izateko. Gainera, eremu bakoitzean zein hondakin izan ziren gehien bildutakoak jakin ahal izatearekin batera, horiek itsasora hel ez daitezen hausnartzeko tartea hartu zuten. “Datuak harrigarriak dira”, esan dute zaintza sareko kideek.
Osotara, 350 kilo horien barruan, 8.600 izan ziren jasotako objektuak, horietatik %40,8 plastikozko pieza degradatu eta zatikatuak, askotariko tamaina zutenak: “Horiek laster ikusezin bihurtuko dira begi hutsez, baina ingurumen eta osasun publiko arazo handi bat suposatzen dute. Izan ere, elikagaien kate trofikoan sartzen dira, baina baita uraren zikloan ere, arnasten dugun airean nahiz hartzen dugun edozein edaritan presente egon daitezkeelako”.
Igandekoa ez zen ekintza soila izan. Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan egin zuten, baina sareko kideek nabarmendu dute itsasoaren egoera jasotzen eta partekatzen jarraituko dutela, itsasoaren garrantzia eta zaintza “gizarteko estamentu guztietara eramateko. Itsasoa ez da zabortegia, bizi iturria da, eta zaindu eta errespetatu egin behar dugu etorkizun osasungarria ziurtatzeko”.
Jarraian dagoen koadroan, bildutakoen sailkapena: gehien bildu diren gaiak (kopuruan lehen hiruak), jaso diren gai “harrigarriak”, eta kopuru totalak daude zerrendan (Itsas Zaintza Sareak egindako koadroa da).