Hondarribiko banderen bedeinkapena, bihar
Aurtengo denboraldian bildutako hamar banderak bedeinkatuko dituzte bihar, mezan. Lau arraunlarik Urrezko intsignia jasoko dute, gainera.
Bihar, larunbata, Hondarribia Arraun Elkarteak 2023ko denboraldian zehar irabazi dituen banderak bedeinkatzeko eguna ospatuko du. Arraunlariek, zuzendaritzak eta Arrantzaleen Kofradiako ordezkariek osatutako taldea 12:15ean abiatuko da elkarteko instalazioetatik Kale Nagusirantz, aurretik Abiyua Fanfarrea izango dutelarik. Udaletxetik igarotzean, udalbatzako kideek bat egingo dute ere, eta guztiak batera Jasokundearen eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Parrokiara helduko dira, 12:30eko mezara.
Honako hauek dira bihar bedeinkatuko dituzten banderak:
- Jubenil mailako Gipuzkoako Aulki Mugikorreko XXI. Liga.
- Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsiera.
- Kaikuren XIV. Traineru Jaitsiera.
- Trainerilen S. Telmo XXXIV. Saria.
- Antxoaren Eguneko XI. Bandera (Trainerilak).
- Gipuzkoako Trainerila Liga.
- Gipuzkoako Trainerila Txapelketa.
- Gipuzkoako Traineru Txapelketa.
- Bilboko XIV. Bandera (Euskolabel Liga).
- Santurtziko XLIV Ikurrina (Euskolabel Liga).
Aurten elkarteak parrokiako abesbatza omenduko du, bere laguntza paregabeagatik, eta horrela, abesbatzako kide Maritxu Altuna Bengoetxea izango da ekitaldiko amabitxia. Meza bukatuta, segizioa Hermandadera joango da eta bertan behinbetiko emango zaizkio banderak Arrantzaleen Kofradiari. Senidetasun bazkaria egingo dute Sutan jatetxean.
Urrezko intsigniak
Bazkalostean, arraun elkarteak Urrezko intsigniak eskainiko dizkie Beñat Egiazu, Xabier Etxebeste, Iñigo Sagarzazu eta Ion Lizarralde arraunlariei. lauek hamar urtez lehen taldearekin arraun egiteagatik. Lauek dute kirol palmares oparoa, eta Lizarraldek izan ezik arraunean dihardute gainontzeko hiruek.