Osasun Bidasoa, Bidasoko Ospitalearen aurrean osasun arreta duin eske
Azarorako eta abendurako deitutako mobilizazio sortaren barrukoa izan zen atzo eskualdeko ospitalearen aurrean egin zutena.

Osasun zerbitzuek Bidasoan bizi duten egoeragatik kezka dutelako, azaro eta abendu bitartean mobilizazioak egiten ari da Osasun Bidasoa plataforma. Atzo, osteguna, Bidasoko Ospitalearen aurrean elkarretaratzea egin zuten. Azaroan mugi zaitez osasunaren alde leloarekin ari dira egiten jarduera guztiak. Mobilizazio aro honetako azkena abenduaren 2an egingo dute, 12:00etan, Irungo Zabaltza plazan.
Eskualdeko osasun zentroetan pazienteen itxaron zerrendak luzeegiak direla uste dute plataformakoek, eta horren aurrean eriak baliabide pribatuetara bideratzen ari direla. Egoera horrek “desberdintasun larriak” sortzen dituela herritarren artean ohartarazi dute. Gertatzen ari dena “defizit kronikoa” dela azaldu dute, eta horri baliabideen kudeaketa “txarra” gehitu behar zaiola. Kudeaketa kaskarraren ondorio nagusia osasun profesionalak Bidasotik beste eskualdeetara joatea, beste autonomia erkidegoetara edo osasun pribatura dela diote ,”lan baldintza hobeak lortzeko”.
Gainera, Bidasoko osasun instalazioen gabeziak salatu dituzte, eta zehazki, kezka berezia azaldu dute Bidasoko Ospitalearen egoerarekin. Irungo anbulatorioak hobetzea eta Oinaurrekoa egitea eskatu dute aldi berean.
Honakoak dira Osasun Bidasoaren eskaera zehatzak:
- Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
- Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar.
- Profesional gehiago baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dugu, kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin.
- Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Ebakuntza gelak ospitaleko eraikin erantsi batean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren, eta Irun erdialdea eta Dunboa anbulatorioetako birmoldaketa.