Bidasoko maratoi erdirako izen emateen lehen egunetan, errekorra
Inskripzio aroa ireki eta 48 ordura, 200 korrikalarik egin dute bat Bidasoko Maratoi Erdiarekin, eta beste 60k hamar kilometroko lasterketarekin.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) kideek euren aurreikuspen guztiak txikitu direla esan dute. 2024ko otsailaren 25ean egitekoak diren Bidasoko Maratoi Erdiaz eta hamar kilometroko lasterketaz ari dira: “Lasterketaren berri eman eta 48 ordura, izen emateekin genituen aurreikuspenak zeharo gainditu egin dira. Lasterketa baten berri eman [asteazkenean aurkeztu zituzten herri lasterketak] eta izen emateekin hasterako orduan izan dugun inoizko erantzunik onena jaso dugu”. Hala, zenbakietara eraman dute mezu baikorra: bi egunetan 200 lagunek eman dute izena maratoi erdirako, eta beste 60k hamar kilometroko lasterketarako. Errekorra dela zehaztu dute BATetik.
BATek uste du ibilbidearen aldaketak eragin nabarmena izan duela lehen izen emateen kopuruaren arrakastan. Izan ere, aurtengo otsailera arte egin den Irungo Maratoi Erdiak (bost ekitaldi egin dituzte) ibilbide gorabeheratsua zuen, eta otsailean lehenengoz egingo den Bidasoko Maratoi Erdiko ibilbidea arras laua izanik (Hondarribia ere hartuko du ibilbideak), korrikalarien onespena izan du. “Lehen izen emateetan nabaritu dugu Irungo, Hondarribiko, Errenteria-Oreretako edo Donostiako korrikalari asko daudela. Gainera, Espainiako Estatuko korrikalari taldeetako hainbat kidek ere bat egin dute probekin”.
BATek adierazi du nahiko luketela izen emateen erritmoa berean mantentzea, hau da, jendek asko apuntatzea. “Parte hartzaileek ahalik eta esperientzia onena izan dezaten saiatuko gara. Bidasoko Maratoi Erdia erreferente izatea nahi dugu”.
Hala, parte hartzeko aukera hasi berri denean, hori non egin daitekeen gogorarazi dute antolatzaileek. Klik egin honako estekan izena emateko.