2024ko udal aurrekontuak onartu ditu Osoko Bilkurak
29 milioi euroko aurrekontua onartu dute, Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko bozekin. Hondarribia UEMAra atxikitzea onartu zuten ere.
Atzo azaroko Ohiko Osoko Bilkura egin zuten Hondarribiko udaletxean. Jorratu zuten gai nagusia 2024ko aurrekontu proposamena izan zen, eta Abotsanitz zein EH Bilduren aldeko bozekin, onartu egin ziren. EAJ nahiz PSE-EE alderdiak abstenitu egin ziren. Igor Enparan alkateak hitza hartu eta proposamena zehaztu zuen. 2023ko kopurua % 15,48an handitu da: “Hiritarrari kobratzen zaizkion zerga eta tasak izoztuko zaizkio. Horrek baliabideak maximizatzeko esfortzua eskatu digu. Kontuan hartu dira garapen jasangarrirako helburuak eta 2030 Agendarekin lerrokatuta daude aurrekontuak”.
Asmoa aurrekontuaren exekuzioan asmatu eta %100ean betetzea dela adierazi zuen alkateak, baita hiru hilero exekuzioaren berri emateko araudi bat sortzea ere. “Hartu ditugun konpromisoak betetzeko gai garela erakutsi nahi dugu, eta ongi gauzatzen ez den aurrekontu batek ez du balio”. Aurrekontuen izaerari dagokionean, “soziala” eta “parekidea” dela adierazi zuen Enparanek, “denona den erreminta” dela defendatuta.
Oposizioko alderdien ikuspegia
Alkatearen hitzartzea bukatuta, oposizioko EAJko, EH Bilduko, nahiz PSE-EEko udal taldeetako bozeramaileen txanda izan zen. Udal Gobernu Taldeak, 2024ko aurrekontuetan, EH Bilduren 8 proposamen onartu zituen, 120.450 euroko baliokoak; PSE-EEri zazpi, beste 112.600 euroren truke; eta EAJri beste bost, 76.300 eurorengatik. Guztira, beraz, 309.350 euroren truke hogei proposamen onartu ziren.
Gonzalo Carrionek EAJren ikuspuntua azaldu zuen: “bost milioi arteko askotariko proposamenak egin ditugu, inoizko aurrekontu handiena bada ere, hutsune ugari dituela uste dugulako”. Hortaz gain, “Arrantzale Auzoa, Pasaia kalea, Higer Bidea, Arkoll eta Mendelu aurrekontu horretatik kanpo geratu dira, nahiz eta EAJk horiek hobetzeko partidak eta ekimenak proposatu dituen. Abotsanitzek uko egin dio Kalez-kaleren bigarren faseari” gaineratu du. Abstentzioaren aldeko hautua “herritarrekiko erantzukizunagatik” dela azaldu du Carrionek.
Noemi Odriozolak, PSE-EEren udal bozeramaileak, haien proposamenak Mendelu auzoa birsortzera, mugikortasuna hobetzera, Muliateko erabilera publikoa hobetzera, nahiz hiriko autobusa sortzera bideratutakoak izan direla azpimarratu du: “Aurrekontu hauek ez dira Talde Sozialistak planteatuko lituzkeenak. Aurrekontuetan ez dira hiritar guztien beharrak jasotzen, eta horregatik abstentzioa erabaki dugu, lehen urtea delako eta gure lana fiskalizazioa bada ere, baita ulerkorrak izan nahi dugulako ere”.
EH Bilduk 82 proposamen egin zituen, hamaika arlotan banatuta. Orotara zazpi milioiko balioa gainditzen zuten koalizioaren proposamenek. Garoa Lekuona bozeramailearen arabera, “EH Bilduren legealdiko norabidea adierazten duten proposamenak jarri ditugu mahai gainean, Hondarribia bost ezaugarrietako herria izan dadin: XXI. mendeko udala, berdea, berdintasuna helburu, bizia eta bertan bizitzekoa, eta noski, euskalduna”. Era berean, eskerrak adierazi dizkio Abotsanitzi, “Hondarribiak izan ez dituen aurrekontu feministenak, euskaldunenak, eta sozialenak direlako, bizikidetzak eta memoriak pisu handia dutelarik”.
Onartutako mozioak
Aurrekontuez gain, beste bi mozio onartu zituen udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran. Batetik, Israel Palestinan egiten ari duen sarraskiaren inguruko mozioa onartu zen, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin, eta EAJ nahiz PSE-EEren abstentzioarekin. Aipatu mozioan, oro har, “palestinar herriaren aurkako biolentzia salatu, palestinar estatuak askatasunean bere etorkizuna izan dezala, eta neutraltasunik gabeko elkartasuna” jaso dute. Bestetik, EMEKI emakume elkarteak azaroaren 30eko Greba Orokor Feministaren harira aurkeztutako eguna ontzat eman zen; Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin, EAJren abstentzioarekin, eta PSE-EEren aurkako bozarekin.
Atxikipena UEMAra
Hondarribia UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera atxikitzea onartu zuten atzo. Estatutuak onartu eta Abotsanitz nahiz EH Bilduren aldeko bozekin, proposamenak aurrera egin zuen. EAJk abstentzioa adierazi zuen, proposamenarekin ados egon arren, “ez delako honetarako batzorderik egin”. PSE-EEk, aldiz, aurkako bozaren alde egin zuen, “besteak beste, ez delako proportzionaltasunik gordetzen herrien populazio biztanleria eta errepresentatibitatearen artean”.
Plenoaren hasieran, Enparanek duela gutxi zendu zen Mikel Zuazabeitia zinegotzi ohia gogoratu nahi izan zuen.