Bi izotz pista, txirrista erraldoia, azoka, argiak eta jarduera asko Irungo Eguberrietan
Zabaltza plazan jarriko dute hiriko merkatarien azoka, abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra arte. Izotz pistak, Luis Marianon eta Sargian.
Irunen Eguberrietan egingo diren jardueren berri eman dute gaur udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oiasso Museoaren arduradunek, nahiz hiriko merkatari eta ostalari elkarteetako kideek. “Eguberriak dira Irungo plan izarra”, esan du Jose Antonio Santano alkateak. Eskaintzaren traza nagusiak azaldu ditu udal agintariak: bi izotz pista, txirrista erraldoia, hiriko merkatariekin Eguberrietako azoka, argiak, hiriko leku askotan jarduerak (horietako asko jarriko diren karpetan)…
“Hiriko elkarte sarearekin batera egindako jarduera programa indartsu honek hiria dinamizatzea du ardatz”, zehaztu du Miguel Angel Paez Hiri Bultzadarako ordezkariak. Haiekin batera Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua izan da agerraldian: “Gure departamentuak balio handia ematen die horrelako iniziatibei, turismo-fluxuak banatzeko eta jarduerak urtarokotasunaren menpetik ateratzeko.
Eguberrietako planaren zertzelada nagusiak eman ondoren, xehetasunen berri eman dute. Esaterako, argien pizte ekitaldia abenduaren 1eko 18:30ean izango da, eta urtarrilaren 6ra arteko epean piztuko dituzte 17:30etik 0000ak arte (auzoetan 22:30ean itzaliko dituzte). Egun berezietan (Gabon gauean, Urtezahar gauean…) egun osoz izango dira piztuta.
Eguberrietako elikadura ohituren kontrajarri, abenduaren 8tik 10era Ficoban Be Veggie azoka izango dela aurreratu dute, jaialdi beganoaren bosgarren ekitaldia izango da.
Azken urteetan bezala, Irunek izotz sintetikoko bi pista izango ditu Eguberri aroan: pista nagusia Luis Marianoko lorategian jarriko dute abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra. Bigarrena, txikiagoa, Sargia parkean (han umeemtzako beste atrakzio batzuk ere ezarriko dituzte. Txirrista eraldoia, berriz, Anzaran parkeak jasoko du. Horien erabilera ordutegiak, baldintzak eta bestelakoak ikusteko joan udalaren webgunera.
Azoka
Irungo merkatarien azoka izango da aurten ere, Zabaltza plazan. Hogei merkatarik jarriko dituzte postuak han abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita izanen da), goizeko (11:00-13:30) eta arratsaldeko (16:30-20:00) ordutegiarekin.
Kaleko giroari lotuta, udalak herriko eragile eta taldeekin elkarlanean hainbat ikuskizun antolatu ditu. Horien zerrenda osoa udalaren webgunean ikusgai.