"Zaintza eredu berriaren aldeko konpromisoa" adierazi du EAJk
Hondarribiko EAJk mozio bat erregistratu du, "zaintza eredu berriaren ardatzak finkatzen" dituena. "Sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa den" euskal zaintza eredu baten alde egin dute jeltzaleek.
Hondarribiko EAJ taldeak mozio bat erregistratu berri du, biharko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzeko asmoz. “Zaintza eredu berriaren ardatzak finkatzen dituen” mozioa aurkeztu dutela jakinarazi dute: “Sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa den euskal zaintza eredu baten alde egiten dugu, adostasunak eta akordio zabalak lortzeko gaia izango dena. Zaintzaren inguruko herri itun berri bat lortzera eramango gaituzten zutabeak”, esan du Gonzalo Carrion zinegotziak.
“Jarrera ireki batetik akordioak lortzeko benetako lankidetza” defendatu dute jeltzaleek, eta uste dute “gai hau funtsezkoa dela ados jartzeko, Euskadik, Gipuzkoak eta Hondarribiak aurrera egiten jarrai dezaten”.
Hitz egiteko, zehazteko eta adosteko prest daudela erantsi du Carrionek, eta hondarribiarrak ere “eragile konprometituak” izan behar dutela “zaintza ereduaren eraldaketan”. Zentzu horretan Gizarte Zerbitzuen bulegoa Muliatera eramateko bidean aurrera egiten jarraitzeko premiaz aritu da Carrion. “Hasiera batean talde guztiak ados geunden horrekin, eta une honetan gobernuaren bultzada behar dugu”.
Itun “sozial eta politiko berri bat adosteko” garaia dela uste du EAJk, “gure zaintza eredua lidergo eta erantzukizun publikoan oinarrituta eraldatzen jarraitzeko, sektoreekin, eragile nagusiekin eta inplikatutako gizarte erakundeekin lankidetzan”.
Ainhoa Martinez zinegotziaren arabera, “jauzi berri bat emateko beharrezko tresnak” dituzte. “Herri itun handi batera iristeko gure eskua luzatzen dugu; gure gizartea zaintza eredu unibertsal, pertsonalizatu eta kalitatezko baterantz gidatuko duen akordio zabal batera iristeko”.
Horretarako, jeltzaleek zenbait “eraldaketa-ardatz” aipatu dituzte, eta honako oinarriak dituen mozioa erregistratu dute (hitzez hitz):
- Pertsona, zainketa-eredu berriaren ardatza. Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzea.
- Zainketen profesionalizazioa. Zaintza-modu formal eta informaletan diharduten langileen lan-baldintzak sendotzea eta hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuz.
- Etxeko zaintza lehenesten duen sistema. Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute. Horregatik, etxeko zainketak hobetzea eta berrikuntza txertatzea beharrezkoa da, zaintza profesionalizatuz, familia- zaintzaileari lagunduz eta komunitatearen parte-hartzea indartuz.
- Sistema inklusiboa eta berdinzalea. Zaintzaren ardura emakumeek izan dute historikoki eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu desberdintasun-egoera hori konpontzeko neurriak hartzea feminismo konprometitu eta berdinzale batetik, baita arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioekin amaitzeko ere, lanerako segregazioa eta desberdintasun sozialak murriztuz.
- Koordinazio soziosanitarioa areagotzea. Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handiagoa eta hobea izan behar da, erabiltzaileek arreta integrala jaso dezaten euskal administrazioaren aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen bat edota gizarte bazterkeriako egoeraren bat izan.
- Komunitatea indartzea. Giza garapen iraunkorrerako gune gisa komunitate- loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea areagotuz.
- Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. Eraginkorragoak izanda kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.
- Zainketen elkarlaneko gobernantza. Zaintza publiko eta komunitarioko eredu bidezkoago, berdintasunezkoago eta erantzunkideago baten alde egiteak berekin dakar elkarlaneko gobernantzako mekanismo berriak antolatzea: publiko-pribatua, publiko-publikoa, publiko-komunitarioa.