Udal gobernuak "aurrekontu eraldatzailea" eramango du biharko osoko bilkurara
Inoizko aurrekonturik handiena izango du Hondarribiak 2024an: 29.053.752 eurokoa. Iazkoa baino %15,48 altuagoa izango da.
Biharko osoko bilkuran 2024ko aurrekontuak eztabaidatu eta onartuko dituzte. Abotsanitzek 29.053.752 euroko aurrekontua eramango du biharko saiora. 2023koa baino %15,48 altuagoa izango da datorren urtekoa. Igor Enparan alkatearen arabera, “aurrekontu eraldatzailea” da eta horretarako hiru arrazoi aipatu ditu: “aurrekontuak egiteko erabili den prozedura, aurrekontu horien edukia eta aurrekontuen inguruko exekuzioa”, esan du.
Talde politiko guztiek aurrekontuaren lanketan hasieratik parte hartzeko aukera izan dutela nabarmendu du udal gobernuak, proposamenak egiteko aukera izan dutela. “Hori lehen ez zen hala, eta argi esan behar da”. Talde guztiei eskerrak eman dizkie alkateak, “lan handia” egin baitute.
Aurrekontuak Grapen Eraginkorreko helburuekin eta 2030 Agendarekin bat egiten dutela gaineratu du alkateak. “Udal zergak igo gabe, iazko aurrekontua %15ean igo dugu. Horregatik aurrekontu desberdina dela uste dugu, zergak igo gabe diru sarrerak igotzeko oso lanketa handia egin dugulako. Adibidez, udalak aurreztuta daukan diruari ahalik eta etekin gehiena atera diogu diru sarrera berri handi bat izan dadin”, erantsi du Enparanek.
“Guztioi gustatuko litzaiguke gauza eta kontzeptu gehiago egotea aurrekontuan, baina jakitun izan behar dugu diru sarrera eta gastuen arteko oreka egon behar dela”. Horregatik, “hondarribiarrentzat ezinbestekoak diren proiektuak” sartu dituzte, eta horrez gain, aipatu dute onartutako proiektuak “urte naturalean garatu ahal izatea eta errealistak izatea” nahitaezkotzat jo dute taldekoek.
Udal gobernu taldearen asmoa aurrekontuaren %100 egikaritzea da. Kopuruak exekutatzeaz gainera, hiru hilero horren berri emango dute, “publikoki hiritarrak gardentasunez ikusi dezan udal diruak nola gastatzen diren”.
Aurrekontu osoa, eta xehetasun guztiak kontsultatzeko, lotura honetara jo daiteke.