Galder Izagirreren 'Esc' disko berria, kalean bihar
Bakarkako bidea hasi du Berri Txarrak taldeko bateria jotzaile irundarrak. Berak osotasunean konposatu, grabatu eta ekoitzitako 'Esc' diskoa kaleratuko du bihar.
Berri Txarrak, Kuraia, Dut edo Bazka taldeetan aritu ondoren, bakarkako bidea hasi du Galder Izagirre bateria jotzaile irundarrak. Esc izena jarri dio proiektu berriari, eta bihar (hilak 23) egingo du publiko. Berak osotasunean konposatu, grabatu eta ekoitzitako diskoa da.
Hamar abesti jaso ditu honetan, “bidaia” bat izango dela aurreratu dute Forbidden Colours disko etxeko iturriek. “Musika koordenada desberdinetan dator Galder bere lehen bakarlanean, zenbaitetan ere orain artean ibili gabeko eremuetan zehar. Kantu bakoitzak berezko izaera du, eta hala ere bada kantu guztiak ehuntzen dituen hari ilun bat. Elementu organiko eta elektronikoen bidez, musikalki post rockean, post punk elektronikoan, Kraut edo musika alternatiboan sakontzen du lan honek”, diote disko etxekoek.
Galderren ahotsa nagusi da kantu guztietan, baina horietako bakoitzean “Galder desberdin batekin” egingo dute topo entzuleek. Letra guztiak berak egin ditu ere, Bilaketan abestikoak izan ezik, hau Martxel Mariskal idazlearen hitzak baitira.
Irungo Bunker Enean grabatu di diskoa, “su txikian”. Berak jo ditu tresna guztiak, “kapaz kapa, kantuak sortu eta azken emaitza lortu arte”.
Aurrerapen kanta bat kaleratu berri du, Ilunabarrean izenekoa.