Aurten irabazitako 10 banderak bedeinkatuko dituzte larunbatean
Hondarribiko Arraun Elkarteak urteroko bedeinkapen eguna ospatuko du larunbatean. 12:15ean abiatuko dira elkartearen instalazioetatik.
Hondarribia Arraun Elkarteak 2023ko denboraldian irabazitako banderak bedeinkatuko ditu larunbatean (hilak 25). Urtero bezala, arraunlariek, zuzendaritzako kideek eta Arrantzale Kofradiako ordezkariek osatutako taldea elkarteko instalazioetatik abiatuko da (12:15ean), Kale Nagusira joateko. Abiyuan Fanfarreak girotuko du ibilbidea. Udaletxean udal ordezkariek bat egingo dute desfilearekin eta guztiak Jasokundearen eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Parrokiara joango dira. 12:30ean izango da meza.
Orotara 10 bandera bedeinkatuko dituzte, honakoak: Gipuzkoako Aulki Mugikorreko XIX Liga. (Jubenil maila); Oriaren XXVI. Traineru Jaitsiera (gizonak); Hondarribiko XX. Traineru Jaitsiera (gizonak); Abuztua Donostian Bandera (emakumeak); Gipuzkoako Traineru Txapelketa (gizonak); 700 Errenteriako Udala (ARC 2 Liga); XXXVII Bandera Petronor (Euskolabel Liga); XXXV El Correo Ikurriña (Euskolabel Liga); XIX Bandera Ayuntamiento de Sestao (Euskolabel Liga); XIII Bandeira Concello de Ares (Euskolabel Liga); Zarauzko XLIII. Ikurriña (Euskolabel Liga); eta Kontxako Bandera (gizonak).
Aurten, gainera, parrokiako abesbatza omenduko dutela aurreratu du arraun elkarteak, “bere laguntza paregabeagatik, beti bedeinkapenaren mezara joanez, eta horrela, abesbatzako kidea den Maritxu Altuna Bengoetxea izango da ekitaldiaren amabitxia”.
Mezaren ondoren segizioa Hermandadera joango da, eta han emango dizkiote banderak Arrantzaleen Kofradiari, behin betiko geratuko baitira han. Eguna biribiltzeko, senidetasun bazkaria egingo dute Sutan jatetxean.
Urrezko intsignia
Bazkalostean, elkartearen Urrezko Intsigniak entregatuko dituzte. Aurten Beñat Egiazu Zubillaga, Xabier Etxebeste Garcia, Iñigo Sagarzazu Gonzalez eta Ion Lizarralde Tolosa arraunlariek jasoko dute oroigarria, “10 denboraldiz lehen taldearekin arraun egiteagatik”.