Batzokiaren eta Murruaren kontrako erasoak gaitzetsi dituzte
Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk "babesa eta elkartasuna" adierazi diete bi elkarteei.
Azken egunetan EAJ eta PSE-EEren egoitzen kontra egindako erasoak salatu dituzte udalean ordezkaritza duten ia talde guztiek. Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk “erabateko gaitzespena” adierazi dute Batzokiaren eta Murruaren kontrako erasoen harira. “Babesa eta elkartasuna” adierazi diete bi elkarteei.
“Beste behin ere argi utzi nahi dugu bizikidetza eta bakearen bidean horrelako erasoak ez ditugula onartzen. Ez da kasu isolatu bat gure gizartean. Alderdi politikoen egoitzei erasoak nahi baina gehiagotan ikustera ohitzen hasiak baikara. Zera adierazi nahi dugu: Bizikidetzan lanean gauden honetan horrelako erasoek ez dute lekurik; gure herriaren bizikidetza eta bizitza politikoaren normalizazioan soberan dauden erasoak dira hauek eta ez ditugu onartzen; ez dugu talde politikoen egoitzen kontrako erasorik onartuko”, esan dute udaleko iturriek.