Abotsanitzen aurrekontuak "proiektu garrantzitsuak geldiarazten" dituela uste du EAJk
Abstentziora joko dute jeltzaleek osteguneko osoko bilkuran. "Talde txikiena" bezala tratatu dituztela salatu dute.
Osteguneko (hilak 23) osoko bilkuran 2024ko aurrekontuak eztabaidatu eta onartuko dituzte, eta bilkura honi begira zenbait adierazpen egin ditu Hondarribiko EAJk. Abstentziora joko dutela jakinarazi dute jeltzaleek, “Abotsanitzen aurrekontuak Hondarribiarentzat proiektu garrantzitsuak geldiarazten” dituelako haien ustez.
Aurrekontuen proposamena “hobetzeko” zenbait proposamen egin azkenaldian ditu EAJk, baina gehienak baztertu dituztela esan dute: “Prozesuan argi ikusi duguna da EAJri ekarpen kopuru txikiena onartu zaiola. Oposizioko lehen taldea gara, gobernu taldeak baino zinegotzi bat gutxiagorekin, eta talde txikiena bezala tratatu gaituzte. Argi dago ez zela gure aldeko botoa Abotsanitzek lortu nahi zuena”, esan dute.
Inoizko aurrekonturik handiena izango du Hondarribiak datorren urtean. “Inolako ahaleginik egin behar izan gabe” gobernu taldeak 4 milioi euro gehiago izan ditu diru sarreretan, jeltzaleen arabera, “Foru Aldundiak udalerri bakoitzari egiten dion ekarpenetik, udalak bankuetan duen diru zaintzako gerakinaren interesetatik eta kiroldegia zuzenean kudeatzeko diru sarreren aurreikuspenetik datozenak”.
Udal gobernuaren aurrekontuak “EAJren gobernuak aurreikusita zituen auzo eta kaleetako hobekuntzak geldiarazten” dituela salatu dute: “Arrantzale Auzoa, Pasaia kalea, Higer Bidea, Arkoll eta Mendelu aurrekontu horretatik kanpo geratu dira, nahiz eta EAJk horiek hobetzeko partidak eta ekimenak proposatu dituen. Abotsanitzek uko egin dio Kalez-kaleren bigarren fasean eta aurreko gobernu taldeak proiektatutako urbanizazio hobekuntzetan aurrera egiteari”, erantsi dute.
Abotsanitzek EH Bilduri “lehentasun osoa” eman diola esan dute, “argi utzi duela norekin adostu nahi duen bere aurrekontua”. Baina, aldi beran, jeltzaleek diote egiaztatu ahal izan dutela aurkeztutako aurrekontuak “alderdi askotan aurreko urteetan egindako proposamenaren ildo jarraituari eusten diola. Ez ziren orduan ikusarazi nahi zen bezain aurrekontu txarrak. Horregatik, herritarrekiko dugun erantzukizunagatik eta hiriarentzat garrantzitsuak diren proiektuekin aurrera egiteko, gure botoa abstentzioarena izango da. Uste dugu koherentzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela politikan, eta ildo eraikitzaile horretan kokatzen gara oposizioan”.
Jeltzaleek “eztabaidatu ezin izan” dituzten bi mozio gogorarazi dituzte. Lehena, “Israelen eta Hamasen arteko gerraren ondorioz Gazako zerrendan duela aste batzuetatik bizi den muturreko indarkeria egoerari buruzkoa”. Mozio honek, jeltzaleen arabera, “Hamasek urriaren 7an egindako eraso terrorista eta Israelen erasoek herritar zibilentzat eragin dituzten ondorio larriak gaitzestea” proposatzen du. Bigarrenik, zainketa ereduari buruzko proposamen bat ere erregistratu zuen EAJk, “udalak Euskadiko zainketen aldeko itun sozial berrian parte hartzeko konpromisoa hartzeko”.