Hondarribia UEMAko 104. herria izango da
EH Bildu taldeak bultzatutako prozesu bati esker onartuko dute mankomunitateko kide izendatzeko eskaera egitea. Osteguneko udalbatzan onartuko dute.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da aurki Hondarribia, osteguneko (hilak 23) udalbatzan onartutako baitute prozesua martxan jartzea. Hala, UEMAko 104. herria izango da Hondarribia, eta urtea bukatu aurretik eskaera egikaritzea aurreikusi du udalak.
EH Bildu taldeak bultzatutako egitasmoa izan da, koalizioak jarri baitzuen martxan prozesua. “UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita”, diote koalizio subiranistako iturriek.
Hondarribian “euskaraz bizitzeko eta euskarak behar duen arnasgune izateko bidean”, UEMAn sartzeak “lan guzti hauek errazteaz gainera, tresnak ere emango” dituela uste dute EH Bildukoek, “herriko euskararen normalizazioan pausu garrantzitsua” izango dela. “Hondarribiak euskaraz bizi nahi duela aldarrikatzeko modu bat ere izango da UEMAko kide izatea. Aspaldi egin zuen hautua gure hiriak euskaraz bizitzeko eta orain udalak, EH Bilduk bultzatuta, emango duen pausua horren adibide baino ez da”, erantsi dute taldekoek.