Soriatik brontzearekin eta postu on askorekin itzuli da BAT
16 urtez azpikoen taldea hirugarrena izan da Espainiako Taldekako Kros Txapelketan. Beste hiru taldeen lan txukuna Gaztela Leonen.
Asteburuan izan dira jokoan, hainbat kategoriatan, Espainiako Taldekako Kros Txapelketak. Bertara lau talde eraman ditu Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) Horietatik batek, mutilen 16 urtez azpikoak, brontzezko domina ekarri du Irunera. Beste hiru lagunarteek emaitza onak lortu dituztela adierazi du klubak. Sorian (Gaztela Leon, Espainia) izan dira jokoan txapelketa horren barruko lasterketak.
“16 urtez azpikoen lasterketa izugarria”. Hala definitu du BATek talde horrek Sorian egindakoa. Alai Cabellok, Lukas Cabezonek, Unai Gonzalezek (Errenteria Atletismo Taldeko kidea, BATen harrobiko taldea da), Urko Ibargurenek, Julen Mendozak eta Hugo Vazquezek osatutakoa zen talde hori, eta denek lortutako postuei esker taldekako sailkapen nagusian hirugarren izatea lortu zuen bidasoarrek. Osotara 60 talde izan ziren lehian.
Absolutuen Mailako talde mistoan, berriz, zazpigarren izan zen BAT. Balioa eman dio postu horri BATek, ez baita nolanahikoa mailarik gorenean halako postua lortzea, hau da, Espainiako Estatuko taldeen artetik zazpigarren izatea. Taldekideak honakoak izan ziren: Elena Martin, Mikel Agirrebeña, Miriam Gregori eta Ander Anglada.
Merituzko postuen artean ere, aipatu behar da 18 urtez azpikoen nesken taldearen 17.ena. Izaskun Sanz, Lorea Cabezon, Irati Erro, Nahia Pikabea, Maria Bauza izan ziren horren zati. Mutilen 18 urtez azpikoa, berriz, 25. izan zen sailkapen nagusian; Mikel Aramendik, Iker Ibarguenek, Xabier Elortegik eta Adur Ugartemendiak ordezkatu zuten BAT.