Irundarrak harro, 23. Korrikari hasiera emateko prest
Argazki erraldoia atera dute gaur dozenaka lagunek San Juan plazan. 23. Korrika Irundik abiatuko denez, motorrak berotzen hasi dituzte jada irundarrek.
Argazki erraldoia atera dute gaur dozenaka eta dozenaka lagunek Irungo San Juan plazan, 23. Korrikarako motorrak berotzen hasi dira. AEKko kideek 1980tik (orduan sortu zuten Irungoa) gaurdainoko bidearen errepasoa egin dute, eta zenbait mezu helarazi nahi izan dituzte. “Hiru hilabete ditugu aurretik erronka handi honi eragiteko. Hau denon artean eramango dugu aurrera, gure esku dago zein puntutaraino handia, erraldoia eta ahaztezina izatea”, esan du AEKko kide Beñat Alzak.
Korrika Irundik abiatu dela jakin den honetan, eskerrak eman nahi izan diete “neurri batean ala bestean gure historiaren parte izan zarenei”. “Eskerrik asko zure dedikazioagatik, zure ezagutza egarri aseezinagatik eta zure euskararekiko maitasuna munduarekin partekatzeagatik. Zuek mantendu duzue bizirik gure nortasunaren sugarra. Jarrai dezagun gure hizkuntzaren eta kulturaren aberastasuna eraikitzen, ikasten eta ospatzen. Euskarak mugitzen du Korrika eta Korrikak mugituko du euskal komunitatea. Harro herri,!gora Korrika!”, esan dute, azkenik.
Bide batez, lehen Korrika batzordea bilduko dela iragarri dute, datorren abenduaren 1ean hain zuzen. Palmera Montero guneak jasoko du saioa, 18:30etik aurrera. Bertaratzera gonbidatu dituzte irundar guztiak.