[Erreportajea] Lehenaren lekuko izango da
23. Korrikaren hasiera jasoko du Irunek 2024ko martxoaren 14an. Irungo AEK-ko kideek emozioz eta ilusioz jaso dute albistea. Jakitun dira, ordea, lan handia dutela aurretik. Saretze lanarekin hasi dira.
Korrika Irunen hasiko da. AEKren sostengurako eta aldi berean euskararen zabalkunderako egitasmo ibiltariaren 23. ekitaldiak Bidasoko herria izango du abiapuntu. Atzo egin zuten, traza loditan datuak emanaz, Herria harro lelo izango duen emozioen lasterketaren aurkezpena. Oraingoz, emandako argibideak, honakoak: 2024ko martxoaren 14an hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Baionan bukatuko da hamar egun geroago. Leloaz eta hasiera-bukaera puntuez gaindi, ibilbide zehatza edo abestia faltako dira aurkezteko, beste askoren artean. Horiek pilulatxoka jakinaraziko ditu AEK-k.
Herria harro dago. Irunen harro daude egun batez bederen euskararen eta euskalgintzaren epizentro izango delako hiria. Irungo AEK-ko kideek sekretupean, zorrotz, gordea izan dute atzo emandako informazioa, aurretik bazekitelako haiek izango zirela Irungo euskalgintzari bultzada eman diezaiokeen egunaren antolatzaile. Izan ere, egun horrek balio behar du hiriko eta eskualdeko euskalgintza batu, eta sakabanatuta dagoen euskaldunen eta euskaltzaleen kopuru mardul hori batu eta bidea elkar egiteko.
22. Korrika Gipuzkoan bukatu zelako, 23.arenaren hasiera herrialdeari zegokion; tokian tokiko AEKren euskaltegiek hautagaitzak aurkeztu, eta Irungoa onetsi zuten Korrikaren nazio mailako antolatzaileek. Helburua lortuta. Irunen arrastoa utzi behar du AEKren iniziatiba erraldoiaren hasierak. Emozioetatik eta sentimenduetatik, hiriko euskal komunitatea trinkotzeko baliatu nahi dute aukera: asko baitira, baina bildu behar.
Irungo AEK-ko kide dira Maddi Sanz eta Mattin Sorzabalbere. Lehena irteerako ekitaldien antolaketan buru-belarri lanean hasi zela badira aste batzuk. Sorzabalberek, berriz, bost hamarkada daramatza Korrikaren eraginpean, 1980ko hamarkadako lehen edizioetatik ari delako eskualdean hauspoa ematen AEKri, Korrikari, eta beraz, euskarari. «Poz handiz jaso genuen irteera Irunen izango zenaren berria», esan du Sanzek; «Pozik eta harro gaude», berretsi du Sorzabalberek.
Poza, ilusioa, eta emozioa bai. Baina ardura ere bai. Sanz: «Denbora dezente aurretik bagenekien Korrika Irunen hasiko zela. Hala behar du izan den-dena egoki prestatzeko. Korrikaren lehen eguna gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta ardura bada hori guztia antolatzea. Gauza asko jende askorekin koordinatu behar dira, eta denera heltzeak lana dakar. Karteletan Irundik irakurtzea inpaktantea izan da, ezin uka». Sorzabalberek, bere aldetik, badu esperientzia, handia gainera, Korrikaren antolaketan. Baina batez ere aldarrikapen lasterketaren pasaeran eta horren inguruan antolatzen direnetan (Korrika Txikiak, Gazte Korrikak, kultur ekitaldiak…) du esperientzia, ez hasierako egunaren antolaketan: «Hemendik abiatuko denez lanketa ezberdina egin beharko dugu. Hona datozenei nolabaiteko ongietorria eman behar diegu, eta gainera, mundua hona begira ariko da».
Martxoaren 14an hasiko da Korrika, eta 24an bukatu Baionan. Irunera etorriko direnek «esperientzia polit bat» bizi dezatela nahi dute AEK-ko kideek, bizitzan behin izaten den horietakoa, kontatzeko modukoa, betirako gogoratzekoa. «Baina erne. Korrikaz gozatzeko beste bederatzi egun izango ditugu. Edozein unetan bat egin daiteke harekin», zehaztu du Sorzabalberek.
Arrastoa
Korrikaren lehen lekukoak Irundik bidea egiten hasteak arrastoa utzi behar du hirian. Euskaldunen eta «ia euskaldunen» artean 36.000 dira hirian (Eustat-en datuak dira), populu osoaren erdia baino gehiago. «Irunek badu ekosistema euskaldun oso indartsu bat. Baina aterki komun bat falta zaigu», adierazi du Sanzek. Hau da, euskaraz bizitzeko aukera dutenen potentziala oso handia da, baina erabileran eragiteko bulkadak behar dira: «Badago jendea euskaraz eta euskaratik eragin nahi duena, baina denak biltzeko ez dugu aterki komunik. Orduan, ekosistema hori martxan harri behar da, osatu behar da», zehaztu du Sanzek.
Korrikaren aitzakiarekin, bide hori urratzeko aukera dagoela uste du Sorzabalberek: «Hein batean Korrika hemendik abiatzeak balio dezake euskal komunitate hori trinkotzeko. Baina lan egin behar dugu. Hor egon behar dugu hizkuntzaren erabileran eta kalitatean eragiten».
Zentzu horretan lehen urratsak egin dituzte. Korrikaren abiatzearen testuinguruan jada hasi dute saretze lana. Hala, hiriko euskalgintzako eragile eta taldeekin nahiz norbanakoekin biltzen hasi dira. Berehalako helburua da martxoaren 14koa eta aurretikoak —urtarrilerako jada hainbat jarduera diseinatzen ari dira— prestatzea; bide luzea, ordea, ederragoa izan daiteke, batze horrek eragina izan dezakeelako hiriko euskalgintzan eta euskararen ezagutza eta erabileran. «Jendeak ilusio handiz hartu du berria. Bakoitza bere esparrutik laguntzeko prest agertu dira harremana egin dugun eragileetako kideak. Honek guztiak arrastoa utzi behar du herrian, egindako lanak emaitza eman behar du. Martxoaren 15a ez dadila izan Zer ondo pasa genuen atzo esateko eguna bakarrik. Zerbaiten hasiera edo jarraipena izan dadila», nabarmendu du Sanzek. Iritzi berberekoa da Sorzabalbere: «esperientzia polit batetik abiatuta, eutsi diezaiogun eguneroko lanari. Bultzada izango da hasierako hori, baina jarraipena izan behar du».
Udalarekin harremana
Martxoaren 14koak Irun hankaz gora jarriko du. Azpiegitura aldetik udalaren ezinbesteko laguntza behar du izan hasiera horrek. Irungo AEK-ko kideek azaldu dute gaiaz hasieratik sintonia egokia izan dutela udalarekin, eta laguntzeko «oso prest» agertu direla. Edonola ere, hitzarmena egin nahi dute Irungo AEK-koek udalarekin, elkarlanaren bidea errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin. «Hitzarmen bat negoziatzen ari gara. Ez dugu ezer itxia. Udala laguntzeko prest azaldu da. Ea zer emateko prest dagoen».
Saretzea, eta elkarlanaren bidetik eragitea. Horiek dira euskaltegiko kideek oraintxe dituzten premisak. Badute lana. Baina Korrikak merezi du.
Erreportaje hau lantzeko Irungo AEK-k Legia kaleko 6. sotoan duen egoitzan izan da HITZA. Ikasleen sartu-irtena, etenik gabekoa. «Irungo AEK osasuntsu dago. Une honetan 180 bat ikasle ditugu«, azaldu du Beñat Alzaga zuzendariak. Ohiko eskolez gain, harro azaldu du Alzagak hika aritzeko taldea dutela abian den ikasturterako; «taldeen edo ikasleen profilari dagokionez, hausnarketa egin genuen. Asko titulu bila datoz. Hori ere bada euskalduntzeko modu bat, baina guk kalera eta erabilerara begirako jarduerak ere indartu nahi ditugu. Euskarara bestelako eremuetatik iristeko eskaintza badugu».
Hika taldeaz gain, Mintzako bi dituztela zehaztu du: «Ikasleei euskara oinarri minimo bat eskatzen diegu talde horietarako, ulermenean eta adierazpenean. Hala, urritik ekainera arteko ikastaro osoa abiatu dugu haiekin euskararen erabilera ardatz dela».