"Hondarribiko aldaketaren aurrekontuak" babestuko ditu EH Bilduk
Koalizioak egindako 82 proposamenetatik zortzi onartu ditu udal gobernuak. "Benetan aldaketaren hasiera ahalbideratzen duten aurrekontuak direla" esan dute taldekoek, eta hortaz, "EH Bildurentzat onargarriak" direla.
Hondarribiko EH Bilduk udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen alde bozkatuko duela jakinarazi berri du, “azaroaren 23ko udalbatzan aldaketaren hasiera gauzagarri egingo duten aurrekontuen alde” bozkatuz. Taldekoek egindako lanketa publikoki egin nahi izan dute, eta bide batez, adierazi zergatik egingo duten aurrekontuen alde datorren asteko plenoan.
Lanketa horri dagokionez, taldeak 11 arlotan 82 proposamen egin ditu, 7 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. “Anbizioz jokatu dugu bai, 2024ko aurrekontuez harago, EH Bilduren legealdiko norabidea adierazten duten proposamenak jarri ditugulako mahai gainean Hondarribia bost ezaugarrietako herria izan dadin: XXI. mendeko udala, berdea, berdintasuna helburu, bizia eta bertan bizitzekoa, eta noski, euskalduna”, esan dute.
Ondorengoak dira koalizio subiranistak egin dituen proposamenak, hitzez hitz:
Udalaren kudeaketa: udal langilegoaren kontratazioa eredua aldatu, berdintasun teknikaria kontratatu, gardentasuna herritarrekiko harremanetan, etxebizitza leihatila sortu, memoria historikoa landu, eta haurren hiria izan. 40.000€
Etxebizitza: etxebizitza hutsen eta ez irrigarrien diagnostikoa egin, hiri lurzoruaren kudeaketa sustatu, PICPUS-eko eraikina udalarena egin, museo etxea, eta Ramery etxea udal eraikin izatea. 150.000€
Ekonomia: kontserba fabrika sortzearen azterlana, itsasogintza berdearen azterlana, merkatarien digitalizazio plana, “Hondarribian egina” markaren sorrera, udalak merkataritza lokalak erabiltzeko prest jartzea, hirugarren sektorearen topaketa, turismoaren diagnostikoa eta plana. 790.000€
Mugikortasuna: mugikortasunaren berrantolaketa egin Damarri oinarri hartuta, herri busa, bidegorria osatu, aparkalekuen azterlana, kotxearen erabilera murrizteko ekintzak, bizikleten aparkaleku estaliak jarri, moto aparkalekuak sortu, markesina itsasargin jarri, ekitaldi handien kudeaketan mugikortasuna zaindu, udaleko langileen mugikortasun plana burutu, eta bizikleta elektrikoen sustapena. 1.306.000€.
Ingurumena: argiteri sistema jasangarri eta adimentsuak lehenetsi, eguzki panelak jarri udal eraikinetan, energia kontsumoaren leihatila, energia kontsumorako kooperatibak sustatu, zuhaitzen zaintza, baratzak sustatu, badian “utzita” dauden itsasontzien lanketa, txakurren kudeaketa integrala, Jaizkibeleko basoak udalak eskuratzea, Jaizubian txorien gune bat jartzeko azterlana egitea (Urdaibaikoa eredu), eta klima larrialdia dela eta auzoetan, paduretan eta baratzetan honen eragina aztertu. 1.723.000€.
Berdintasuna: berdintasun plana egin, emakumeen ahalduntzerako txokoa sortu, ikastaroak, prebentzioa, “emakumeak argitara” beka sortu; eta bullying eta jarrera homofobo zein sexistak saihesteko planak bultzatu aisialdi eta kirol elkarteetan. 620.000€.
Zaintza: hirugarren adina aktiboa, kasino zaharra birgaitu eta langilez hornitu, kasino zaharraren kanpo aldean bitartekoak jarri, bakarrik bizi direnen diagnostikoa egin, adineko zaintzaileen txokoa sortu, haur ludoteka, haur zaitzaileen datu basea osatu, eta zaintza guztion ardura dela adierazteko kanpaina. 774.000€.
Osasuna, kirola eta ekipamenduak: osasun mentalaren psiko bonoak eskaini herritar guztientzat, hondartzaren erabilera urte guztian sustatu, kiroldegiko instalazioen berrikuntza, bi jolas parke estali, kirol portuko jolas parkea osatu (pump truck, jolas parke inklusiboa, tirolina), Guadalupen kantina jarri, Guadalupen bizikletak garbitzeko gunea, tirolina, iturriak alde zaharrean, eta dutxa kai zaharrean. 872.000€.
Kultura: udal kultur eraikinen ordenantza egin, kultur eraikinetako langileak Udalarenak izatea, Euskal Musika ardatz duen festibala, XXI. mendeko Lore Jokoak, Umeen antzerki festibala, euskal dantzaren sustapena, olinpiada txiki nerabeentzat, musika eta dantza eskola publikoa izatea, eta liburutegiaren ordutegi jarraia. 218.000€.
Ondarea: San Telmo Gazteluaren indusketa irekia, harresiak babestu, arrantzarekin zerikusia duen ondarea babestu eta bildu (eskabetxearen historia, itsasontzien barku genealogikoa), baserrien diagnostikoa eta erabilpen plana, benta zaharraren inguruaren lanketa (benta zaharraren erreplika) eta monumentu megalitokoen katalogoa egin. 170.000€.
Euskara: UEMA-n sartu, merkataritza eta ostalaritza euskalduntzeko plana, euskara sustatzeko planak martxan jarri, hitzari diru-laguntza, euskara sailean teknikari bat kontratatu eta ikastolaren sorrerari buruzko erreportajea egin. 542.000€.
Zerrendatutako proposamen bakoitza azaltzeko, eztabaidatzeko eta adosteko aukera izan dute tokiko gobernuarekin, eta Abotsanitzek, “aurrekontu orekatuak” aurkezteaz gainera, “exekuzio altukoak izateko nahia adierazi” duela diote koalizioko kideek. “EH Bilduren proposamen asko oso interesgarritzat jota, lanketa fasean sartuko dira kreditu aldaketetan edo 2025eko aurrekontuetan, hau da, behin lanketa eginda, kontutan izateko”. Horietako batzuk zerrendatu dituzte: umeen antzerki festibala, Ikastolaren sorrera gogoratzeko 60. urtemugaren lanketa udaleko langileen mugikortasun plana, baratzen plangintza, hirugarren sektorearen topaketa…
Negoziazio horietan EH Bilduk “ezinbestekotzat” jotzen dituen printzipio batzuei erantzun dietela ere esan dute, hau da, “benetan aldaketaren hasiera ahalbideratzen duten aurrekontuak direla”, eta hortaz, “EH Bildurentzat onargarriak” direla.
Honakoak dira printzipio horiek: azkenean Hondarribiak Berdintasun Teknikari bat izango duela; udal langileen egoera ez gardenak eta irregulartasunak albo batera uzteko bideari ekingo zaiola; euskararen aldeko politika argia dagoela; etxebizitza eskubidea gauzatu ahal izateko ekintzak martxan jarriko direla; zaintzen duen herriaren ideiari garrantzia eman nahi diotela; Hondarribian lan egiteko aukerak turismotik harago izatea nahi delako; edota “gure kultura eta ondarea aintzat” hartzen dituelako, “memoria historiko eta demokratikoaren batera”.
Onartutako proposamenak
Udal gobernuak EH Bilduren zortzi proposamen “zehatz” barneratu ditu, 120.450 euroko aurrekontuarekin. Honakoak doira aurkeztutako 82etatik onartutako 8ak: Etxebizitza huts eta ez irisgarrien diagnostikoa (18.150 euro); udal erakinetan eguzki panelak jartzeko azterlana egitea (18.150 euro); zaintzaren sentsibilizazio kanpaina (4.000 euro); akonpainamenduko animalien kudeaketa (15.000 euro); kontserba fabrikaren azterlana egitea (15.000 euro); Bakeolarekin jarraitzea (12.150 euro); memoria gaien egikaritzea (18.000 euro); euskal komunikabideak sustatzea (20.000 euro).