[Erreportajea] «Malkoz, baina irriz» egindako bidea gogoratuko dute
Alarde parekidearen aldeko borroka gertutik eta sakonki ezagutzeko paseoa eskainiko dute Maria Jose Noain eta Ilargi Bengoetxea historialariek etzi. Oroimen Haziak mapa ere aurkeztuko dute.
Orain dela urtebete, 2022ko urriaren 22an hain zuzen, hazi bat landatu zuen Jaizkibel konpainiak, igande honetan guztiz loratuko dena. Iaz abiatutako egitasmo berezi bati bukaera baino, hasiera emango diote, biribildu egingo dute.
Data hartan paseo berezia egin zuten, arrakasta handikoa. «Maria Jose Noain eta Ilargi Bengoetxea historialariek paseo historikoa eskaini zuten, Hondarribiko historiako pasarte jakin batzuk kontatzen batetik, eta konpainia beraren historia irakasten bestetik. Oso polita izan zen, arrakasta handikoa. Jende asko kanpoan geratu zen», kontatu dio hitzari Parean elkarteko eta era berean konpainian desfilatzen duen Oihana Llorentek. Arrakasta horrek bultzatuta, paseo hori errepikatuko dute igande honetan. 11:00etan jarri dute hitzordua, Arma Plazatik abiatuko dira.
Orotara, zortzi geldialdi egingo dituzte igandekoan parte hartuko dutenek, eta konpainiak hamaika alditan zapaldutako kale eta plazetan barrena ibiliko dira herritarrak. Bukaeran, mokadua izango dela iragarri dute.
Iazko paseoa edukiz betetakoa izan zela azaldu du Llorentek, eta bi adituen jakintzak biltzeko beharra ikusi zutela. Hortik tiraka, mapa interaktibo bat sortzea otu zitzaien Parean elkartekoei, konpainiaren historia jasoko zuena. «Beharrezkoa ikusi dugu hau guztia kontatzea, errekonozimendu hori egitea eta ikusaraztea 25 urte hauetan zein bilakaera izan duen, nola 1996an 26 emakumek hasitako bide horri 1.000tik gora lagunek jarraitu dioten gaurdaino. Malkoz, baina irriz; gorrotoz, baina itxaropenez betetako urteak izan dira. Eta hori kontatu beharra dago», erantsi du.
Mapa kontsultatu nahi dutenek atari honetara jo beharko dute. «Irudiak, ilustrazioak, audioak eta PDFak bildu ditugu. Etxetik edota kaletik kontsultatzeko mapa da, audio gida bezala ere erabil daitekeena. Edonork nahi duenean egin dezake paseoa». Besteak beste, 1996an alde zaharreko atari batetik ateratako emakumeen testigantzak entzun daitezke.
Hurrengo pausoa mapa ikastetxeetara eramatea izango dela azaldu du Llorentek, «alde pedagogikoa» ere landu nahi dutelako. «Gazte askok ez dute historia hori jaso, eta ezagutu behar dute».