Kontsultak eta probak egiteko itxaron zerrendak "gero eta luzeagoak" direla salatu dute
Hamarnaka lagunek erantzun diote Osasun Bidasoa plataformaren deiari. Hondarribiko anbulatorioan bildu dira herritarrak, eskualdeko ospitalearen egoera salatzeko.
Hamarnaka lagun bildu ditu gaur eguerdian Osasun Bidasoa herri plataformak Hondarribiko anbulatorio parean. Elkarretaratzea egin dute herritarrek, eta haiekin batera Osakdietzako zenbait langile izan dira, baita zenbait udal ordezkarik. Hurrengo mobilizazioa abenduaren 2an izango dela gogorarazi dute gaurkoan, Irungo Zabaltza plazan biltzera deitu dituzte bidasoarrak, 12:00etan.
Zenbait aldarrikapen egiteko probestu dute gaurkoa. Besteak beste, Bidasoko ospitalean diagnostikoetan atzerapen larriak izaten ari direla salatu dute, “egunetik egunera luzeagoak direlako kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron zerrendak”. Horrez gain, profesionalak, pazienteak bezala, osasun sistema pribatura joaten ari direla nabarmendu dute, kezkati. Horrez gain, gaurko egoera ezin zaiola pandemiari egotzi ere salatu nahi izan dute, “hornidura historiko eskasa” dela, “bai azpiegiturei dagokionez, bai profesionalei dagokionez. “Defizit kronikoa da, eta horri baliabideen kudeaketa txarra gehitu behar zaio”, esan dute.
Ondorengoak dira, gaurkoan ere, egin dituzten aldarrikapenak:
- Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
- Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar.
- Profesional gehiago baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dugu, kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin.
- Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Ebakuntza gelak ospitaleko eraikin erantsi batean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren, eta Irun erdialdea eta Dunboa anbulatorioetako birmoldaketa.