Asteazkenean abiatuko dute elikadura osasuntsuaren inguruko hitzaldi zikloa
'La cultura de la dieta: el negocio millonario de la insatisfacción corporal ' izeneko hitzaldia eskainiko du Gabriela Uriarte nutrizionistak.
Hondarribiko Udalak eta Elika Eskolak dena prest dute elkarlanean antolatutako hitzaldi zikloari hasiera emateko, datorren astean egingo dute lehena. Gaur aurkeztu dute ofizialki egitasmoa udaleko eta Elikako kideek.
Bederatzi hitzaldik osatuko dute zikloa. Hauetan, elikadura ohiturak, elikagaiekiko harremana eta ohitura osasungarrietarako autozainketak bezalako gaiak landuko dituztela aurreratu dute. Haur, nerabe eta helduak “elikadura osasuntsu batean heztea” helburu izango dute, “beraien gorputzarekin eta elikadurarekin harreman osasuntsu bat” izan dezaten.
Datorren asteazkenean (hilak 22) egingo dute lehena, La cultura de la dieta: el negocio millonario de la insatisfacción corporal izenekoa. Gabriela Uriarte nutrizionistak eskainiko du. Itsas Etxean izango da saioa, eta sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte. Gaztelaniaz izango da. 18:30ean izango da, datozen saio guztiak bezala.
Ondorengoa da hitzaldien egitaraua:
- Abenduak 13: Urtean behin dieta egiteak dakartzan arriskuak, Jone Larrañaga eta Eli Gallegoren eskutik.
- Urtarrilak 24: Zein da nire pisu ideala? Zenbat pisatu beharko nuke?, Garazi Lizarragaren eskutik.
- Otsailak 21: Elikadurari eta dietei buruzko mitoak, Garazi Lizarraga eta Eli Gallegorekin.
- Martxoak 20: Elikadura osasuntsua, Garazi Lizarragaren eskutik.
- Apirilak 17: Gorputz aniztasuna eta osasuna, Jone Larrañaga eta Eli Gallegorekin.
- Maiatzak 15: Elikadura eta osasun mentala, Lucia Ugarte eta Jone Larrañagaren eskutik.
- Ekainak 12: Dietak eta osasun intestinala, Eli Gallegoren eskutik.
- Ekainak 26: Janariarekiko portaera kezkagarria nola hauteman. Zer egin eta zer ez egin, Jone Larrañagarekin.
Elika Eskola psikologian eta nutrizio kliniko arloan espezializatutako zentroa da. Nutrizio digestiboan, psikonutrizioan eta psikologia kontsultak eskaintzeaz gainera, osasuna eta elikadura edota osasun mentalaren arloan hitzaldiak ematen dituzte