Osasun Bidasoak elkarretaratzea egingo du Hondarribiko anbulatorioan
Ostegunean egingo dute mobilizazioa, 'Mugi zaitez zure osasunaren alde' lemapean.
Osasun Bidasoa herri plataformak azaroko mobilizazioekin jarraitzen du, eta hurrengoa Hondarribian izango dela iragarri dute. Ostegunean (hilak 16) izango da, anbulatorioaren parean bilduko dira, 14:00etan. Mugi zaitez zure osasunaren alde lemapean elkartuko dira herritarrak.
Besteak beste, eskualdeko ospitalean diagnostikoetan atzerapen larriak izaten ari direla salatuko dute, “egunetik egunera luzeagoak direlako kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron zerrendak”. Horrez gain, profesionalak, pazienteak bezala, osasun sistema pribatura joaten ari direla deitoratuko dute.
Ondorengo aldarrikapenak egingo dituzte ostegunean:
- Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
- Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar.
- Profesional gehiago baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dugu, kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin.
- Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Ebakuntza gelak ospitaleko eraikin erantsi batean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren, eta Irun erdialdea eta Dunboa anbulatorioetako birmoldaketa.
Abenduaren 2an egingo dute hurrengo mobilizazioa, Irungo Zabaltza plazan (12:00etan).