Hondakinen gaikako bilketa "berandu baino lehen hobetu" behar dela aldarrikatu du Eguzkik
Irun eta Hondarribiko bilketa datuekin kezkati da talde ekologista, ez dira %51era iristen. Bi udalerriak Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuen azpitik daudela salatu dute.
Eguzki talde ekologista eskualdeko hondakinen gaikako bilketarekin kezkati da, “berandu baino lehen” hobetu beharko lukeela uste dute. Hedabideei bidalitako ohar batean esan dute Europar Batasunak 2025erako ezarritako helburuen azpitik daudela Irun eta Hondarribia. “Irunen eta Hondarribian helburu atzeraezina da etxeko hondakinen gaikako bilketa handitzea. Izan ere, bi herriak oraindik Europar Batasunak alor horretan 2025erako ezarri dituen helburuen azpitik daude, Gipuzkoako gainerako udalen bate bestekoaren azpitik ere egoteaz gain”, esan dute, amorruz.
Datuetara jo du talde ekologistak. Txingudikoa da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen bigarren mankomunitatea. Irunen, 2022ko gaikako bilketa %50,85 izan zen; Hondarribian berriz, %50,69. “Ez gara zenbaki-gerra batean sartuko. Kontua da Txingudi EBk ezarritako helburuen azpitik dagoela, baita Gipuzkoako gainerako udalen batez bestekoaren (%57,39) nabarmen azpitik ere”. Txingudiko gaikako bilketak azken urteetan “atzera” egin duela erantsi dute, eta neurriak hartzeko eskatu diete Txinzer-i eta eskualdeko bi udalei.
Europar Batasunak ezarritako helburuen arabera, 2025erako udal hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa handituko da, pisuan gutxienez %55 izan arte. Horrez gain, 2030erako %60koa izan behar duela ezarri dute eta 2035rako aldiz, %65koa. “Txingudiko Mankomunitateak ez du oraingoz bete legeak ezarritako %55eko bilketa. Gipuzkoak, berriz, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuen ehuneko hori. Horrek esan nahi du herri gehienak zintzo demonio ari direla”.
Legea beteko bada, gaikako bilketa handitzeko neurriak “berandu baino lehen” hartu behar direla aldarrikatu dute. Gipuzkoan orain arte hartutako neurriak hartzeko premiaz aritu dira: “Irun eta Hondarribiko agintariek, Gipuzkoatik atera gabe, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eredu eta aukera katalogo zabala dute. Oraingoan ez da nahikoa izango kontzientziazio kanpaina berri bat egitea eta herritarrei beraien borondatez ingurumenaren aldeko pauso berri bat eskatzea. Herritarren kontzientzia birziklatzeko garrantzitsua da noski, baina sistema da erabakigarri”. Horregatik, gaikako bilketa ahalbidetuko duen sistema ezartzea eskatu dute, eta erantzukizunari ez saihesteko exijitu diete agintariei. “Agintariek ezarritako sisteman islatu behar da ingurumenarekiko duten erantzukizun eta kontzientzia maila. Neurri eraginkorrik hartu gabeko kontzientziazio kanpainak propaganda hutsa dira, egingo balute bezala egitea, baina benetan egin gabe. Greenwashing alegia”.
Alde horretatik adierazi dute “ez dela batere esperantzagarria” Jose Antonio Santano alkateak esandakoa: orain arteko bide beretik jarraitzeko asmoa duela, “momentuz neurririk hartu gabe”.