Jaizkibel Konpainiaren historia ezagutzeko paseo berezia egingo dute igandean
Maria Jose Noain Maura eta Ilargi Bengoetxea Gartzia historialariek eskainiko dute. Oroimen Hazia izeneko mapa interaktiboa ere aurkeztuko du konpainiak.
Datorren igandean Jaizkibel Konpainiaren historia gertutik eta sakonki ezagutu nahi duten herritarrek hitzordua izango dute. Izan ere, Maria Jose Noain Maura eta Ilargi Bengoetxea Gartzia historialariek bisita gidatu berezia eskainiko dute. 11:00etan abiatuko dira hondarribiarrak, Arma Plazatik. Alde Zaharrean barrena alarde parekidearen aldeko borroka eta herriko historiako bestelako egite historikoak ezagutzen ariko dira. Luntx goxo batekin biribilduko dute paseoa.
Paseoaz gain, abiatu berri duten egitasmoa aurkezteko ere probestuko dute igandekoa. Izan ere, Oroimen Haziak izeneko mapa interaktiboa kaleratu du konpainiak, Parean elkartearen eta Eider Eibar ilustratzailearekin laguntzarekin. “Konpainiaren historia irudikatzen duten argazki gordinekin” osatu dute mapa, eta irudiez gain, testuak, audioak, PDF dokumentuak eta ilustrazioak kontsultatu ahalko dira. Historiako pasarte bakoitza hirigune historikoko puntu bati lotuta agertzen da mapan, “jazotakoa indartuz” batetik, eta igandean egingo duten “paseo eder” hori sortuz bestetik. Mapak, gainera, ibilbidetxo hori bakoitzak nahi duenean eta nahi duen bezala egiteko aukera ere ematen duela azaldu du konpainiak.
Mapa kontsultatu nahi dutenek atari honetara jo beharko dute.
Konpainiak gogorarazi du etzi (asteazkena, hilak 15) egingo dutela Merienda berritsuak egitasmoaren lehena. Maggie Bullen antropologo feministarekin bilduko dira herriko emakumeak. Jaien testuinguruan genero rolek izan duten garapenaz ariko dira. Hemen informazio gehiago kontsultatu daiteke.