"Indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko" egitaraua prestatu du Itaiak larunbaterako
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako motorrak berotuko dituzte, egun osoko egitarau batekin. Proiekzio bat, bruntxa, hitzaldia, bazkaria eta jokoak izango dira.
Datorren hilaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunari begira jarri da Bidasoko Itaia, eta motorrak berotzen hasteko egitarau oparoa antolatu du larunbat honetarako (hilak 18) Hondarribian, “indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko” asmoz.
10:30ean Oh gu hemen! lehenengo saioaren proiekzioa egingo dute. 11:30ean bruntxa izango da eta ondoren, Zer dago egungo politika feministen atzean? hitzaldia eskainiko dute Kultur Etxeko 213. gelan. 14:00etan bazkaria egingo dute Klink elkartean (txartelak 5 euroan eskura daitezke, sare sozialen bidez haiekin harremanetan jartzeko deia egin dute) eta ondoren, jokoak izango dira.
Hilaren 25ean berriz, mobilizazioa egingo du Itaiak eskualdean. Irungo San Juan plazatik abiatuko dira, 13:00etan.