Hondartzako kirol eremuak udalaren esku geratuko dira aurki
Pedro Sanchez Espainiako presidente egiteko PSOE eta EAJk adostu duten akordioaren barruan jaso dute eskualdaketa. Hondarribiko EAJk positiboki baloratu du albistea.
Joan den ostiralean publiko egin zenez, Hondarribiko Udalak aurki kudeatuko ditu portuko kirol eremuak. Espainiako gobernuburu izateko PSOEk eta EAJk lotutako akordioaren barruan jaso dute eremu horiek udalari doan eskualdatzea, kontraprestaziorik gabe gainera.
Iaz onartu zuen udalbatzak dagokion eskaera egitea. Udal talde guztien onespena jaso zuen orduan Abotsanitzek egindako proposamenak. Horren arabera, Hondartza auzoko kirol guneen titulartasunaren transferentzia egitea eskatu zuten, jada lortu dutena.
Udala hondartza inguruko lursail horiek erabiltzen ari da egun, hiru hitzarmeni esker. Horietako bi jada iraungita zeuden, eta hirugarrena (kiroldegikoa) datorren urtean iraungiko da.
EAJ taldeak eskualdatzearen gaineko balorazioa egin berri du. Positibotzat jo dute jeltzaleek PSOErekin lortutako akordioa, eta herriko EAJren eta Kongresuko talde parlamentarioaren arteko koordinazioa “oso estua”izan dela diote. “Trantsizio Ekologikoko Ministerioak konpromisoa hartu du transferentzia horren espedientea urtea amaitu baino lehen egiteko, eta hori albiste bikaina da hondarribiarrentzat. Orain arte eremu horretan egiten ziren obrak eta konponketak odisea ziren udalarentzat, eta azken urteetan Ministerioak ez zuen beste jarduerarik baimentzen. Hemendik aurrera, udalak zuzenean esku hartu ahal izango du eremu horretan eta Hondarribitik erantzun ahal izango diegu hondarribiarren beharrei”, esan dute.
Alkatetza izan duten urteetan herritarrekin eta herriko klubekin hartutako konpromisoak ezin izan dituztela bete erantsi dute jeltzaleek, eta besteak beste, aipatu dute ezin izan dutela hobekuntzarik egin kiroldegiko instalazioetan edota ezin izan dutela aldatu belar naturaleko futbol zelaia.
Azkenik, Aitor Esteban bozeramaileari eskerrak eman dizkiote, “Pedro Sanchezen inbestidura negoziaziorako lehenetsi eta kontuan hartu den gai honetan inplikazioagatik eta dedikazioagatik”.