[Erreportajea] Sugar olinpikoak argituko ditu neguko egun ilunak
2024ko Hondarribiko Olinpiadak aurreratzea erabaki dute kuadrillek, hilaren 25ean abiatuko dituzte. Indar erakustaldia egingo dute beste behin: 31 talde lehiatuko dira, aurrekoan baino bederatzi gehiago.
2023ko ediziotik hilabete eskas batzuk pasa badira ere (ekainean izan zen finala), herriko gazte kuadrillak prest dira berriro ere haien artean lehiatzeko. Izan ere, zenbait hilabeteko aurrerapenarekin helduko dira 2024ko Olinpiadak. Hil honen bukaeran abiatuko dituzte, eta datorren urteko ekainean bukatu.
Aisialdi eskaintza zabal baten faltan, haien kabuz bilatu behar izan dute non eta zerekin ongi pasa herriko gazteek. Neguko «egun hilak berpiztu» nahi dituzte antolatzaileek, hori azaldu dio HITZAri Urko Iridoyk: «Aisialdi alternatibo bat bilatu dugu, eta oraindik ere izugarri ongi erantzun dute kuadrillek. Ez dago ezer hoberik gazteentzat gazteek antolatutakoa baino. Guk badakigu zer nahi dugun, eta guk baino hobeto ez du inork jakingo».
Hala, hilean behin jardunaldi bat jokatuko dute, eta datorren 25ean (larunbata da) izango da lehena. Horretan ez da jolasik izango, baina lehiarik ez da faltako. Izan ere, maskota txapelketa bat egingo dute jokoei ekiteko. Kuadrilla bakoitzak maskota baten diseinua aurkeztu beharko du, gerora, maskota ofiziala izango dena. Abenduaren 16an, urtarrilaren 21ean, otsailaren 9an, martxoaren 2an, apirilaren 14an eta maiatzaren 4an izango dira hurrengoak. Final handia, berriz, ekainaren 1ean izango da. Herri kirolak, mendi proba, parodiak, hondar probak, ondare proba, itsas proba eta gastronomia lehiaketa egingo dituztela aurreratu du Iridoyk.
Bederatzi talde berri
Indartsu datoz 2024koak ere, orotara 31 talde apuntatu baitira, 2023koetan baino bederatzi gehiago. «Oso pozik gaude olinpiadek hartu duten dimentsioarekin. Olinpiaden aurretik ez genuen interakzio maila bat ematen digu kuadrillei. Gazteak lokaletatik ateratzea lortu dugu, eta probei esker ia belaunaldi guztiak elkar ezagutzen dugu, eta hori ez da batere erraza», erantsi du, harro, Iridoyk.
Kontziente dira eguraldiak trabak jar ditzakeela datozen hiletako probetan, baina ez diote garrantzia handiegirik eman nahi izan horri: «Aurreko olinpiadetan tokatu zitzaigun eguraldi oso txarrarekin aritzea, eta ez zitzaigun batere inporta izan. Berokia jarri eta kalera aterako gara berdin-berdin».