[Elkarrizketa] «Ia ukitu gabe zegoen arlo batean sartu ginen, diziplina eraldatuz»
Beste lan askoren artean, Gipuzkoaren iragan erromatarra lurretik ateratzen aritu da urte luzez, eta haren aurkikuntzek hankaz gora jarri dituzte historiako zenbait pasarte. Erakusketaren protagonistetako bat da.
Zergatik izan da beharrezkoa horrelako erakusketa bat egitea?
Beharrezkoa zen egitasmo hau, orain arte egindako lana txalotzekoa baita. Alde batetik, arkeologia profesionala nola sortu zen aztertzen badugu, Gipuzkoan emakumeok egindako lana funtsezkoa izan da, oso garrantzitsua, eta ez bakarrik Gipuzkoan. Arkeologia profesionala guk sortu eta eraiki dugu, emakumeok. Arkeologia hor zegoen, eta gizonezkoentzat askoz ere interesgarriagoa zen historiaurrea ikertzea, ospea arlo hori landuta etortzen zelako. Geroz eta zaharragoa izan, are eta inportanteagoa. Eta emakumeok hasi ginen, guk zabaldu genuen bidea. Aurre historia hori lantzen zen euskaldunon nortasunaren sorrera hor kokatzen genuelako, eta arkeologia ia ukitu gabe zegoen. Hor sartu ginen, hor zegoelako lekua, ukitu gabeko leku bat. Eta erromatarren garaiko eta Erdi Aroko arkeologia lantzen hasi ginen, eta gerora hiri arkeologia etorri zen. Ia ukitu gabe zegoen arlo batean sartu ginen, diziplina eraldatuz.
Beste ikerketa askoren artean, Oiassoko portua aurkitu zenuen 1992an. Zer suposatu zuen horrek arkeologo gisa?
Uste dut momentu hartan ez ginela konturatu zer nolako aurkikuntza egin genuen. Santiago kalean kolektore bat jarri behar zuten, eta lanak hasi zirenean erromatarren aztarnak agertu ziren. Aste oso gogorrak izan ziren. Negua zen gainera, euriarekin eta hezetasun handiarekin egiten genuen lan, baina oso pozik, gauza asko jasotzen ari ginelako. Baina aurkikuntza horren garrantziaz konturatu gara urteak pasa direnean, eta ikusi dugunean aurkikuntza oso handia izan zela. Europan horrelako oso gutxi aurkitu ziren, eta ondorioz, aitzindaria izan zen.
Eta Euskal Herriko historiari, zer nolako ekarpena egin zion aurkikuntza horrek?
Historiak beti testuinguru bat izaten du eta gure historia hartan testuingurua ez zen liburuetan agertzen zena. Zergatik ez? Ezinezkoa zen Gipuzkoa izatea horrelako burbuila itxi bat. Eta erromatarren garaiko testuetan Oiasso agertzen zelako, eta agertzen zelako bide bat Tarraco (Tarragona) eta Oiasso lotzen zituena. Orduan, logikoa izan zitekeen horrelako aurkikuntza bat egitea. Ulertezina da nola ez zen lehenago egin aurkikuntza hori. Zein arrazoi egon dira euskara gaur egun ere bizirik egoteko? Bilatu behar zen historikoki horrelako azalpen bat, eta azalpena zen erromatarrak ez zirela sekula hona iritsi, ez zutela gure lurraldea menperatu, beraz, ez zutela latina inposatu. Egia da garai hartan esamolde hori eraiki zela, gure hizkuntza eta gure izaera propio horren arrazoiak argitzeko. Herri batek behar du bere nortasunaren sorrera ezagutu, orainaldiari begiratzeko. Eta lortu zen, azalpen bat eman zen: uste genuen hori ez zen egia. Baina urte askotan azalpen horrek balio izan du gaur egungo kezkak azaltzeko.
Argi dago funtsezkoa dela arkeologia babestea, Europako beste herrialdeetan egiten duten bezala. Orain Italian nago lanean, eta argi ikusten da non dagoen aldea. Baliabide gehiago behar ditugu