[Elkarrizketa] «Fikzio bisuala gero eta gehiago kontsumitzen dugu»
Ilustrazioaren Euskadi Literatura Saria jaso du irundarrak ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ lanagatik. Sekuentzien garapenean jarri ohi du indarra. Komikitik dator, baina bestelako ilustrazioetan ere badabil.

Euskadi Literatura Saria jaso berri duzu, Ilustrazio Saria hain zuzen ere. Zer da zuretzat horrelako aitortza bat jasotzea?
Bereziki garrantzitsua da, sariduna gremioko jendeak osatutako epaimahai batek hautatzen duelako. Zure kideek aitortza bat egitea izan da. Hori da aitortzarik baliotsuena edo objektiboena. Izan ere, niri etxean amak beti esan izan dit oso ondo marrazten dudala, baina ezberdina da familiak edo lagunek esatea, edo lanbideko kide batek aukeratzea zure lana urteko hoberena bezala. Hori nire partetik pozgarria da.
Artistaren musika eta erritmoa, nahiz ikusizko interpretazioa nabarmentzen direla baloratu zuten.
Aipua luzeagoa da, eta momentu batean aipatzen da sekuentziazioa asko gustatu zitzaiela, zein irudi hautatu diren. Komikiek berezko dute sekuentzia. Batzuk esaten zuten hiztegietan agertzen zena dela komikia, hau da, irudia eta testua nahasten dituen artea. Definizio horrek ez du balio, eta azken urteetan definizio horri buelta ematen ari dira, badaudelako komikiak mutuak direnak. Komiki bat sekuentziak definitzen du, istorio bat irudi bat bata bestearen atzetik jartzen kontatzea. Komikia egiten dudanean nire indar handiena jartzen dut sekuentzia hori diseinatzen, sekuentziazio horri orrian forma ematen. Hori goraipatu zuten epaian, eta horrekin asko poztu nintzen. Bereziki horretan jartzen ditut indarrak eta hori goraipatzea oso pozgarria izan da. Lan hori norbaitek sumatzen duela sentitu nuen.
Ni ez naiz Mikel Laboa-k urtebete darama kalean. Zer nolako harrera izan du?
Ona. Ez zaigu feedback txar bat bera ere iritsi. Horrelako lan batean, autobiografikoa dena, eta, kasu honetan, hain maitatua den Mikel Laboari buruzkoa, gerta daiteke jendeak esatea kontatu den hori ez dela horrela, edota «Mikel Laboak merezi zuen horrelako zerbait baino gehiago» adieraztea. Ez zaigu horrelakorik gertatu. Iritsi zaiguna ona izan da. Jaso dugun kritika txar bakarra izan da motzegia dela, azkarregi irakurtzen dela. Egia esan, nahiago dut jendeak esatea azkarregi irakurtzen dela, astuna egin dela edo motelegia dela entzutea baino.
Egia da, baita ere, aukeratu genuen bidea hain fantasiosoa eta ez hain onirikoa izan zela, badela modu bat errealitatea kontatzeko, baina erabat errealitateari itsatsi gabe. Orduan, zailagoa da tankera horretako kritikak jasotzea. Esaterako, Laboa ez zen western pelikula batean izan, baina horrekin beste zerbait kontatu nahi genuen, eta, dirudienez, jendea ez da hain zorrotz jarri.
Gaztelaniara eta katalanera ere itzuli dute lana. Zein fasetan dago proiektua?
Ez dago itxi-itxita. Komikia bera noski itxita dagoela, duela urtebete argitaratu genuelako. Baina, orain, Euskadi Saria dela eta, sariaren parte bat erabili nahi dugu frantsesezko edizioa egiteko. Itzultzaile bila gabiltza eta, gero, argitaletxe bila hasiko gara, betiere sari horren diruarekin. Ea argitaletxe bat animatzen den diru laguntza horrekin ateratzera.
Oraintxe bertan zein proiektu duzu esku artean?
Izaro Arroitarekin kaleratu berri dut Lina plastilina, gazte literaturako liburu bat da, eta nik marrazkiak egin ditut. Orain bigarren zenbakian lanean gabiltza. Horrez aparte, jarraitzen dut beti bezala Argia-rentzat hilabeteroko Larrun-en azala marrazten. Durangoko Azokarako liburu bat ere ilustratu dut, Jon Alonsorena, Carvalho Euskadin izenburukoa; oso polita geratu da. Azken komiki lan handia duela hiru urte atera genuen Asisko Urmenetak eta biok, Basolatik berri onik ez. Orain, datorren urteko Xabiroi-n hasiko gara horren bigarren parte bat kontatzen, atalka. Hori prestatzen gabiltza, zirriborroak.
Komikian segituko duzula dirudi.
Bai, nik beti kontsideratu izan dut komikitik natorrela. Marrazkilari bezala nire ekarpen handiena komikigintzan egin dezaket. Gero, ilustratzaile bezala moldatzen dut nire estiloa kasuan kasu, hala nola haurrentzako ipuinetan, aldizkarientzako azaletan, edo karteletan. Nire jatorria komikia da, eta ahal dudanetan han sartzen naiz.
Larrun hilabetekarian zabiltza azalak egiten. Plaza horrek zertarako balio dizu?
Balio izan dit euskal panoraman toki bat izateko. Ez dakit esan dudanak logikarik daukan, baina niri norbaitek galdetzen bazidan ea zer egiten nuen, nik erantzuten nien Larrun-en azalak egiten nituela. Horrek nonbaiten kokatzen ninduen. Identifikagarria nintzen, edo norbaitek nahi baldin bazuen nire lanaren berri izan, Larrun-en azalak ikusteko esaten nien. Balio izan dit espazio finko bat topatzeko. Horrez gain, horrek ere balio izan dit edozein lanbide autonomotan garrantzitsua den diru iturri finko bat edukitzeko. Azken batean derrigortuta gaude urtero kuota bat ordaintzera, ez da diru kopuru makala, eta horrelako lantxoek balio dizute horri aurre egiteko. Hortik aurrera beste enkarguak lotzen joan naiteke.
Azal horiek egiteak ere balio izan dit esperimentatzeko: hilabetero gai ezberdin bat lantzen dute, eta neure buruari uzten diot estilo ezberdinak probatzen. Iruditzen bazait gai batek hobeto onartzen duela estilo jakin bat, horrekin probatzen dut. Laborategiko lan hori gero lan handiagoetan aplika dezaket, inprobisatzeko tarterik ez den lan horietan, alegia. Adibidez, marrazki bat erabaki dezaket hiru koloretara egitea, eta funtzionatzen badu, komiki luze baterako logika bera aplika dezakezu. Baina ez da gauza egingarria komikien hasieran horrelako esperimentazioak egitea, pasa ditzakezulako bi urte zure esperimentua madarikatzen gaizki atera delako.
Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkituriko Irulegiko eskuari buruzko libururako infografiak ere egin dituzu. Hori ilustrazio zientifikoa da?
Bai. Ilustrazio zientifikoan egin dudan gauza gutxienetarikoa da. Hori egin dezaket formazioz arkitektoa naizelako, nire ustez. Irudi horretan indusketa bat dago, kapak ondo bereizita daude, eta perspektibak ondo neurtuta. Hori egiteko gai naiz. Gainera, ez zen bakarrik eskua eta estratifikazio hori, inguruan agertzen ziren eskematxo batzuk ere sartu nituen. Gauza horiek asko landu genituen arkitekturako graduan, planoetan ere gauza bakoitza zer zen adierazi behar genuelako modu grafikoenean. Ez nator bakarrik komiki mundutik edo gauza oso artistikoetatik, gauza teknikoagoak maneia ditzaket.
Euskal gizartea orokorrean komikien zalea al da?
Euskal gizartearentzat komikia gutxiengoa baten afizioa da, nitxo bat, ez delako komikizaleen tradiziorik egon. Bai izan direla komikilari onak, baina ez eskolarik ezta mugimendu handirik ez da sortu ahal izan. Hori aldatzen ari da duela hamar urtetatik hona, eta gutxika komikien salmenta eta produkzioa gorantz doaz. Baina bereziki azkeneko hiruzpalau urtean izan du gorakada oso garrantzitsu bat. Horren gaineko nire esplikazioa da, esplikazio bat baino gehiago daudela.
Batetik Xabiroi dago, Ikastolen Elkarteak egiten duen komiki aldizkaria. Dani Fanok lan handia egin du oinarri bat ematen komiki marrazkilariei. Bai gutxieneko lan egonkor bat lortzeko Xabiroi-ren serie bat egiten, bai eta komiki luzeak modu duin batean egiteko aukera bat ematen atalka ateratzen delako. Gainera, komikilariak gure artean ezagutzeko eta sektorea egiteko balio izan du.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak azken lauzpabost urtean ematen dituen komikien marrazketarako diru laguntzak daude. Hori izan da modu bat tiraderan egon diren proiektu pila bat ateratzeko eta egin ahal izateko. Azken finean, komiki bat egitea ez da gauza hain garestia, baina denbora asko behar da, eta autonomo batentzat denbora eta dirua lotuta daude.
Gorakada bat dago?
Gizartean fikzio bisuala gero eta gehiago kontsumitzen dugu. Euskal komikigintzak 1980ko hamarkadan hazkunde oso ona izan zuen, eta 1990koan beheraldi handia; 2010etik gorantz doa berriro. Egia da ere nobela grafiko formatuak asko lagundu duela gorakada horretan; horiek ere komikiak dira azken batean, eta kontzeptu hori komikiak beste modu batera izendatzeko asmatu zuten, badagoelako jendea komikia hitzak uxatzen duena. Formatu honek duen onena da jorra daitezkeela normalean komikietan azaltzen ez ziren gaiak, eta askotariko autoreak eta heterogeneoagoak ekarri ditu komikigintzara. Ondorioz, irakurle heterogeneoak sortu dira. Medio batek osasuna edukitzeko modurik onena hori da: egile guztiak ez izatea mutil heterosexual zuriak. Askotariko egileekin, era guztietako irakurleak izango dituzu. Hori da gero eta irakurle gehiago izateko modurik hoberena.